Hezkuntza publikoko beharginek gaur dute lehen greba eguna

Julene Frantzesena 2025ko urt. 22a, 14:25

Zumaiako Herri Eskola.

Sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan hamabi greba egun deitu dituzte. Gaurko eta biharko grebara deituta daude irakasleak, eta datozen asteetarako Haurreskolen Patzuergoko nahiz hezkuntza publikoko sukaldeetako nahiz garbiketako beharginak ere bai. Zumaiako Herri Eskolan irakasleen %92k egin dute gaur greba; Zumaiako Institutuan, berriz, %68,5ek.

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan deitutako hamabi greba egunetatik aurrena da gaurkoa. Irakasleak daude gaurko eta biharko grebara deituta, eta ikastetxeetan nabarmena izan da erantzuna. Zumaiako Herri Eskolan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleen artean, % 92ak egin du greba. Zumaiako Institutuan, berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakasleek %68,5ek egin du greba. Deialdia dela eta, gutxieneko zerbitzuak jarri ditu Eusko Jaurlaritzak han eta hemen.

Gaurko eta biharko greba egunez gain, otsailaren 26an eta 27an ere lana uztera deituta daude irakasleak. Horiez gain, Haurreskolen Patzuergoko beharginak greba egitera deituta daude urtarrilaren 28rako eta 29rako zein otsailaren 12rako eta 13rako. Bestalde, hezkuntza alorrean sukaldean eta garbiketan aritzen diren langileak deitu dituzte grebara urtarrilaren 30erako eta 31rako nahiz otsailaren 19rako eta 20rako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide