Kursaalen eskaintzen diren kontzertuetarako joan-etorriak errazteko autobusak jartzen ditu Donostiako aretoak. Otsailean ere hala izango da, eta oraingo honetan Verdiren La Traviata opera entzutera joateko garraiobidea jarriko du kostaldeko herrietan, Zumaian barne. Ekitaldia otsailaren 4an izango da, 19:00etatik aurrera.
Kontzertu dramatizatu bertsioan eskainiko den La Traviataren melodiak aski ezagunak dira eta, zinez, drama bat da, baina baita bizitzari, desioari, maitasunari eta emozioari egindako kantua ere. Verdiren lanetan espezializatutako soprano nabarmenenetakoa den Nina Minasyanek interpretatuko du, besteak beste, hemeretzigarren mendeko drama hau.
Zumaiatik kontzertu horretara autobus bidez joateko asmoa dutenek aurrez izena eman beharko dute 943 86 10 56 telefono zenbakira deituta edo alondegia@zumaia.eus helbidera idatzita. Busa Patxita Etxezarreta kaleko geralekutik aterako da 17:40an.
Emanaldira sarrerak salgai daude kursaal.eus webgunean, hemen.