Eguna haize bortitzarekin hasi duten arren, hainbat parte-hartzaile bertaratu dira Zumaiako Urola ibai ingurura. Kañabera eta zira eskuan zutelarik, LXX. Elkarteen arteko jaurtiketako arrantza txapelketan lehiatu dira herritarrak eta ingurukoak.
Bakoitzak leku on bat hartu ondoren, amuak prestatzen hasi dira. Eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 16:30era arte mantendu dira firme, haize hotzari aurre eginez. Itsasoko marea biziek arrantzan lagundu ez duten arren, apurka-apurka zerbait harrapatzea lortu dute.
Bazkalostean, parte-hartzaileak beren materiala jasotzen hasi eta Anade elkarterantz joaten hasi dira. Bitartean, antolatzaileak jasotako arrantza pisatzen eta sailkapena prestatzen egon dira. Behin guztia antolatuta, elkarteko mahaiak bete dira, eta sari banaketari eman diote hasiera. Sarien artean, garaikurrak, arrantzarako material berria, ardo botilak eta urdaiazpikoa banatu dituzte. Dena amaitu ostean, asko bertan geratu dira, pintxoa eta edaria eskuan, egunari amaiera biribila emateko.
Txapelketako sailkapena
Guztira 107 parte-hartzailek eman zuten izena txapelketan, eta horietatik 21ek jaso zituzten sariak. Lehenengo postua Goierri elkarteko Jose Maria Fernandezek eskuratu zuen, 1245g arrantzatu ostean. Bigarren saria Zurriola elkarteko Miguel Angel Romerorentzat izan zen, 1152g arrantzatu izanagatik; eta hirugarren postua, aldiz, Txantxangorri elkarteko Unai Fernandezek eskuratu zuen, 969g arrantzatu ostean.
Bestalde, lehen beteranoaren saria Jose Ignacio Garcia de la Fuenterentzat izan zen; eta lehenengo jubenilarena, aldiz, Yesay Losadarentzat. Zumaiako lehena, berriz, Juan Manuel Lopez izan ze, eta bigarrena, Jose Ignacio Garcia de la Fuente. Elkarte guztietatik gehien arrantzatu zuena Goierrikoa izan zen.