Une gozoak bizi ditu Lide Arrizabalaga eskubaloi jokalari zumaiarrak. Urte hasieran zilarrezko domina lortu zuen jubenil mailako Euskadiko selekzioarekin Herrialde Katalanetan jokatu zuten erkidegoen arteko CESA txapelketan. Andaluzian (Espainia) egindako teknifikazio saio batzuetara deitu zuten jarraian, eta pasa den aste amaieran jakin zuen otsailean Montenegron jokatuko duten Mediterraneoko Jokoetan aritzeko deitu duela jubenil mailako Espainiako selekzioko hautatzaile Cristina Cabezak.
Otsailaren 12an Bartzelonan (Herrialde Katalanak) elkartuko dira selekziora deitutako jokalariak handik Belgradora (Serbia) joateko. Txapelketa hilaren 17tik aurrera jokatuko dute Montenegroko hiriburua den Podgorican. Txipre, Eslovenia, Serbia, Errumania, Aljeria eta Grezia izango ditu aurkari Espainiako selekzioak urteko lehen txapelketa horretan.