Ez datoz albiste onak Balenciaga ontziolatik. Langile batzordeak ohar bidez adierazi duenez, enpresako lanpostu guztiak desagertzeko azkentze txosten bat negoziatzera deitu dituzte, nahiz eta, langileek azpimarratzen dutenez, faktoriaren jarduerari eusteko aukerak egon badauden. "Gure ustez, administrazioak oraindik ez dira erabat inplikatu enpresaren jarraipenean. Nagusiki, Cofidesek eta Ekonomia Ministerioak bazkide industrial bat sartzeko eta kontratatutako itsasontziak eraikitzen hasteko edozein akordio blokeatzen jarraitzen dute", salatu du Balenciagako langile batzordeak.
Beharginen arabera, enpresa likidatzeko urratsak ematen jarraitzen dute. "Enpresak bere jarduera jarraitzeko aukerak badaude, baina erakundeen babesa behar dugu", diote. Justu babes horren falta sentitzen dutela azaldu dute, baita "engainatuta sentitzen" direla; Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioak hitzartutakoa jarraitzeko aukerarik ez dagoela nabarmendu dute.
Salaketa hori plazaratzeko, bi elkarretaratze egingo dituzte bihar goizez Donostian. Lehenbizi, goizeko 10:30ean, Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen egoitzaren aurrean bilduko dira. Jarraian, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak Okendo kalean duen egoitzara eramango dute protesta ekintza.