Osasun publikoaren alde Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du Zuopak

Juan Luis Romatet 2025eko urtarrilaren 28a

Zuopak deituta, pasa den abenduan egindako elkarretaratzeko irudia. (Juan Luis Romatet)

Datorren larunbatean, otsailaren 1ean, egingo dute manifestazioa Gipuzkoako hiriburuan, osasun publikoaren aldeko herri plataformek antolatuta. 

Osasun publikoaren aldeko manifestazioa egingo dute datorren larunbatean, otsailaren 1ean, Donostiako (Gipuzkoa) kaleetan. Lurraldeko zenbait herri plataformek deitu dute 17:00ean Boulevardetik abiatuko den martxa. Zumaiako Osasun Publikoaren Aldeko plataformak (Zuopa) manifestazioan parte hartzera animatu ditu zumaiarrak eta inguruko herrietako bizilagunak. 

Datorren zapatuko protesta ekintzaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, Eusko Jaurlaritzak osasun publikoa "desegiteko eta pribatizatzeko bidean jarraitzen du". Plataforma horietako kideen esanetan, "osasun sistema publikoa indartzeko promesak baino inbertsio handiagoak eta hobeak behar dira. Lehen arreta indartzea premiazkoa da, bai giza baliabide eta baliabide ekonomikoak emanez, horretaz gain osasun langileen lan baldintzak hobetu eta prekarietatearekin bukatzea beharrezkoa da, kudeaketa garden eta parte hartzaile bat edukiz".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide