Balenciaga ontziola ez ixteko borrokan jarraitzen dute enpresako langileek. Atzo goizez Donostian izan ziren eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren eta Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun delegaritzaren aurrean elkarretaratze bana egin zuten, beraien egoeraren berri eman, eta enpresa etorkizuna bermatzeko eskatuz.
Prentsaren galderei erantzunez, CCOO sindikatuko ordezkari David Tejerak adierazi zuen Balenciagako hartzekodunen konkurtsoko administratzaileak beste bi hilabetez luzatu duela aldi baterako enplegu espedientea. Hala, etzi, ostiralez amaitzekoa zen espedientea martxoaren 31ra arte luzatzeko erabakia hartu du administratzaileak. Epea luzatzeak leiho bat zabalduko diela espero dute langileek enpresaren etorkizuna bermatuko lukeen inbertitzaileak erakartzeko, Tejeraren esanetan.
Balenciagaren etorkizunean inplikatuta dauden instituzioek oztoporik ez jartzea ere eskatu zuten langileek atzoko protesta ekitaldietan.