Zarautzen hasiko da Gipuzkoako Pilota Egokituko Txapelketa

Intza Trula 2025eko urtarrilaren 29a

XV. Gipuzkoako Pilota Egokituko Txapelketako antolatzaileak eta hainbat pilotari, atzo, aurkezpen ekitaldian. (Intza Trula)

Larunbatean jokatuko dituzte txapelketako lehenengo neurketak, Aritzbatalden. 34 kirolari ari dira lehian; horien artean, Leire Esnal eta Jose Luis Zulaika zumaiarrak.

Egun gutxi barru hasiko da XV. Gipuzkoako Pilota Egokituko Txapelketa, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak antolatuta. Aurten, gainera, Zarautzen jokatuko dituzte lehen norgehiagokak, larunbatean, Aritzbatalde kiroldegiko pilotalekuan.

Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia Zarauzko Udaletxeko pleno aretoan, eta bertan izan ziren Mikel Merino eta Amaia Zendoia Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko ordezkariak, Juan Carlos Etxeberria Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko zuzendari teknikoa, Marta Pastor Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaria eta Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzia. Beraiez gainera, txapelketa jokatuko duten Haritz Lertxundi, Lorea Iribar eta Leire Troitino zarauztarrak eta Leire Esnal eta Luis Zulaika zumaiarrak ere izan ziren agerraldian.

Parte hartzea handitzen

Iaz baino hiru pilotari gehiagorekin, inoizko parte hartze handiena izango du aurtengo txapelketak: orotara, 34 kirolarik jardungo dute lehian, eta horietatik lau emakumeak izango dira. Merinoren aburuz, urtetik urtera parte hartzaileen kopurua haztea elkarteen lan "onaren" isla da. Gainera, Zendoiak zehaztu zuenez, iaz izena eman ez zuten bost pilotari gazte ariko dira aurten kantxetan.

Guztira, lau elkartetako pilotariek jokatuko dute txapelketa: Mindara Elkartekoek, Kemen Kirol Elkartekoek, Zarautz Kirol Elkartekoek eta Zumaiakoek, hain justu. Antolatzaileek zehaztu zutenez, bi kategoriatan banatuko dira; hau da, urritasun fisikoa dutenek jokatuko dute alde batetik, eta adimen urritasuna duten kirolariek bestetik.

Etxeberria "pozik" agertu zen agerraldian, eta Merino zein Zendoia zoriondu zituen urte hauetan egindako lanagatik: "Historia egiten ari zarete". Ildo beretik, Illarramendik zioen "ohorea" dela Zarautzen txapelketa hau antolatzea. "Gure ateak beti egongo dira zabalik honelako ekimenei laguntza eskaintzeko”, gehitu zuen Kirol zinegotziak. Pastorrek, bere aldetik, antolatzaileak zein pilotariak txalotu zituen, eta eskerrak eman zizkien proiektuaren atzean dauden guztiei: "Gizarte hobea eraikitzen ari gara horrelako ekimenei esker". Halaber, norgehiagokak ikusteko "gogotsu" dagoela azpimarratu zuen.

Larunbatean, lehenengoa

Hori hala, larunbat honetan jokatuko dituzte lehenengo norgehiagokak, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Sarrera librea izango da.

Datozen neurketak, berriz, Errenterian (otsailak 15), Asteasun (martxoak 15), Arrasaten (martxoak 29), Ordizian (apirilak 12) eta Oiartzunen (maiatzak 10) izango dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide