Eibarren (Gipuzkoa) jaioa, Zumaian egin zuen topo itsasoarekin Haritz Aiartzak 10 urte zituela. Vigoko Unibertsitatean (Galizia) itsas zientzialaria da gaur egun, eta urpeko arrantzaren inguruko azalpenak ematen ditu Kongriakos izenarekin sare sozialetan. Youtuben, esaterako, 88.000 jarraitzaile ditu, eta dibulgazioan egiten duen lana da, Aiartzaren ustez, arrakastaren gakoa.
Mutrikun (Gipuzkoa) akuikulturako ikasketak egin ondoren heldu zen Galiziara Aiartza, 2016an, Itsas Zientzien Gradua ikasteko asmotan. Tromson (Norvegia) eta Pasaiako (Gipuzkoa) AZTIren zentroan ere izan da ordutik, baina Galizian aurkitu du bere pasioa eta lana uztartzeko aukera paregabea.
Eskozian zela grabatu zuen bere lehen bideoa, akuikulturako praktikak egiten ari zela, duela hamar urte, artean Kongriakos izenik ez zuela: "Nire familiakoei eta ezagunei han ikusitako itsas espezieak erakutsi nahi nizkien. Ondoren, 2019an, Norvegian nengoela, beste bideo bat egin nuen, hango itsasoa eta espezieak ezagutarazteko". Pandemiaren garaitik egiten du astero bideo bat, itsasoarekiko errespetua sustatu eta ezagutza zabaltzeko helburuarekin.
Surflariek jarri zioten Kongriakos ezizena, 17 urte zituela Itzurunen uretatik bost kongrio ateratzen ikusi zutenean. Izen hori berreskuratu zuen sare sozialetako profilak sortzeko. Espero ez bazuen ere, jarraitzaile saldoa bildu du urte gutxian sareetan, eta haren ustez, biologiaren inguruko azalpenak ematea izan da horretarako ezinbestekoa: "Arrantzaz gain, bideo bakoitzean daturen bat edo azalpen interesgarriren bat ematen saiatzen naiz, ikusleari balio erantsia eskaintzeko".
Espezieei buruzko datuak, itsas biologia, korronteen eragina edota ekologia bezalako gaiak jorratzen ditu bideoetan. Jarraitzaileek azalpen horiek eskertzen dituztela uste du: "Aurrekoan, ezagutzen ez nuen ama batek esan zidan bere semeari lasai uzten ziola ikusten Kongriakos, bazekielako zerbait ikasiko zuela eta edukia fidagarria zela. Esan zidan gaur egungo Interneten ez dela horrelako eduki asko aurkitzen". Autokontsumoaren eta tokiko arrantza arduratsuaren inguruan ere dibulgatzen du Aiartzak, arrantzatutakoarekin egindako errezetak erakutsiz, esaterako.
Arrain eta itsasoko espezie ugari ikusi ditu bertatik ordutik: "Eskozian eta Norvegian foka ugari ikusi nituen; ikusgarria zen haiekin jolastea, baina, gero, arraina lapurtzen saiatzen ziren. Foken atzetik orkak azalduko ote ziren beldurrez ere ibiltzen nintzen. Hemen, behin, hamabi metroko balea ikusi nuen, baita atun gorriak, izurdeak eta morenak ere". Bisitatzen duen lekua bisitatzen duela, bertan arrantzatzeko modua ezagutu eta arrantzatutakoa jaten du.
Panamara joango da aurki, martxoan, Ozeano Pazifikora. Hango ur bero eta garbietan bizi diren itsas espezieak –dordokak, baleak nahiz marrazoak– ezagutzeko gogotsu da. "Interesgarriak izan daitezkeen bideoak grabatu nahi nituzke han ere", dio. Youtuben nahiz Instagramen @kongriakos erabiltzailearen profilean jarraitu ahal izango ditu Aiartzaren ibilerak hala nahi duenak.