Migrazioa eta Lurraren zaintza uztartzen dituen antzezlana, igandean Aita Marin

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 31a, 09:00

Zurrunka Teatro konpainiaren Gure kanoa antzezlana taularatuko dute igandean, eguerdiko 12:00etan, Aita Mari aretoan. Emanaldirako sarrerak aurrez salgai daude. 

Etxeko txikiei zuzendutako antzezlana izango da datorren igandean, otsailaren 2an, eguerdiko 12.00etan, Aita Mari aretoan. Zurrunka Teatro antzerki konpainiaren Gure kanoa lana ikusteko aukera izango dute bertaratuko direnek. Emanaldirako sarrerak aurrez salgai daude Turismo Bulegoan eta sarrerakzumaia.eus webgunean. Egunean bertan aretoko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira. Prezioa 4,25 euro izango da.

Sinopsia

Abba, Senegaleko arrantzale familia batean jaiotako haur ausart zein xarmagarriaren istorioa da Gure kanoa. “Arrainen Etxean” arrantza egiten jarraitu ahal izateko, Abba abentura luzean murgilduko da, bi mundu ezberdinen kulturak hurbilduz eta Maam Kumbaren ahotsa Izaroren herriraino emanez.

Migrazioa, Ipar eta Hegoaldeko herrialdeen arteko harremana eta ama lurraren zaintza izango dira gai nagusi ikusle guztientzako txontxongilo ikuskizun sakon, dibertigarri eta poetiko horretan.

Abentura eta pasioz beteriko istorio honek, herrien taupada eta kantuen bitartez, esperantzak bizitzarekin elkarbizitzen duen parajera eramango gaitu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide