Itsasoaren eta eguraldiaren iragarpena aintzat hartuta, eta marea biziak tarteko, zuhurtziaz jokatzeko deia egin du udalak. Izan ere, 18:00ak aldera izango da itsasgora, eta errio inguruko eremuetan –Arranplan, moilan nahiz Axular ibiltokian– kotxeak aparkatzea saihesteko eskatu dute. Urak hartu ditzakeen behe solairuko lokaletan objektuak babesteko ere gomendatu du udalak.
Marea biziak direnean hartu ohi diren neurriak martxan jarri dituzte, gainera: estolda zuloak itxiko dira urak kaleetara iristea ekiditeko, eta azken egunetan hodi sistema guztia errebisatu da, balizko arazoak saihesteko. Gainera, anbulatorioan bonba-sistema aktibatuko du.
Udaleko Larrialdi Mahaitik egingo dute egoeraren jarraipena, eta beharrezkoa balitz, udaltzaingoak beharrezko neurriak hartuko lituzke.