Balenciaga ontziolako lan gatazka

Ontziolaren etorkizunean arduratzea eskatu diete Balenciagako langileek udal ordezkariei

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 31a, 11:02

Balenciagako langileen elkarretaratzea atzo arratsaldez, plenoa hasi aurretik. (Juan Luis Romatet)

Balenciaga ontziolako langileek atzo arratsaldez egin zen ohiko udalbatzarrera eraman zuten enpresa zabalik mantentzeko eskaera. Lehenbizi elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean, eta, plenoaren amaieran, bertan ordezkatutako alderdiei zuzendu zitzaien. 

Enpresaren etorkizuna laino beltzek estaltzen badute ere, Balenciaga ontziolako langileek haren etorkizuna bermatzeko borrokan jarraitzen dute. Asteartean  Donostian izan izan ziren, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Osasun ministerioaren egoitzen aurrean elkarretaratze bana egin zuten. Atzo, berriz, Zumaiako Udaleko plenora eraman zuten auzia.

Urtarrileko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldez, udaletxean. Plenoa hasi aurretik, ordu laurdenez elkarretaratu ziren udaletxe aurrean; Balenciaga ez itxi. Lanpostuen defentsan ez dugu etsiko leloa zuen pankartaren atzean kontzentratu ziren beharginak. Deialdiarekin bat egin zuten EH Bilduko eta EAJko udal taldeetako kideek, baita haien babesa erakustera bertaratu ziren herritar batzuek ere.

Barruan, plenoa aretoan, behin aztertu beharreko gaiak landu eta gero, galdera-eskarien tartean, langileen ordezkari batek hitza hartu zuen. Azken asteotan bizitako egoera laburbildu zuen. Enpresako zuzendaritza, hartzekodunen konkurtsoko administratzailea eta langileen batzordea urtarrilaren 31n bildu zirela azaldu zuen, "enpresaren egoera aztertzeko. Jarduerari jarraipena emateko aukeran interesatuak badaudela jakinarazi ziguten, baina momentu honetan [aukera] bat bera ez dela irmoa". Lanpostu guztiak desagertzeko enplegu erregulazioko txosten bat negoziatzera deituko zituztela ere jakin zuten parteek. Martxoaren 31n konponbiderik ez bada, langileek kalean bukatuko dutela ere esan zuten, eta azken hilabeteotako ziurgabetasun egoera berarekin jarraitzen dutela ere adierazi zuen ordezkariak.

Espainiako Ekonomia eta Industria Ministerioaren, eta, oro har, erakundeek lan gatazkari konponbidea aurkitzeko erakutsitako posturekin kexu dira ontziolako langileak. Ordezkariak gogoratu zuenez, "abenduan enpresako zuzendaritzarekin, eta udaleko, aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Ekonomia ministerioko hainbat kiderekin bilera izan genuen. Balenciaga likidaziora ez joateko proposamen bat luzatu zuten bertan". Hilabete geroago jakin zuten konkurtsoko administratzailearen ahotik proposamen hura bertan behera utzi zuela, bideragarritasunik ez zuelako. Ministerioarekin egindako bilera bakarra "denbora galtze bat" izan zela adierazi zuen langileak, eta salatu zuen "inongo instituziok ez duela izan langileoi abisatzeko ausardiarik".

Beraien ustez, Balenciaga ontziola "guztiz bideragarria" da, eta akordio bat eskatzen jarraituko dutela ere gaineratu zuen haien ordezkariak udalbatzarrean.

Langileen ordezkaria atzoko udalbatzarrean. (Juan Luis Romatet)

Galderak udal ordezkariei 

Jarraian, udalean ordezkatutako hiru alderdien ordezkariei (PSE-EEko zinegotzia ez zen batzarrean izan) zuzendu zitzaien. "Carlos Cuerpo ministroak EH Bilduko parlamentariei zuzenean adierazi zien Balenciagaren egoera konpontzeko neurriak hartuko zituela. Zer egin du? Ontziolak herrian eta eskualdean duen garrantzia kontuan hartuta, bere jarraipena bermatzeko eta lanpostuen eta lan baldintzen defentsan presioa egiten jarraitzeko asmoa duzue?", galdetu zien EH Bilduko zinegotziei.

EAJko hautetsiei ere zuzendu zitzaien langileen ordezkaria. "Eusko Jaurlaritzatik hitz politak baino ez gara entzuten ari. Administrazioarekin hitz egin aurretik bertako kide batekin komunikatu ginen telefonoz eta ez zigun ezeren berririk eman. Zer ari da egiten Eusko Jaurlaritza Balenciagaren alde? Zer informazio daukazue? Neurri zehatzak exijitzen ditugu", esan zuen.

PSE-EEko zinegotzia udalbatzarrean izan ez bazen ere (langileen ustetan "lotsagarria" izan zen plenoan ez egotea), hark ordezkatzen zuen alderdiari ere zuzendu zitzaien: "Ekonomia Ministerioa zure alderdiak zuzentzen duela jakinda, zergatik jo digute adarra? Denbora irabazteko baino ez al zen izan bilera hura? Zergatik jartzen ditu PSOEk Cofidesen interesak Balenciagako lanpostuen gainetik? Denbora gutxi daukagu. Zer neurri hartzeko prest dago zure alderdia Balenciaga ez ixteko?".

Alderdien erantzuna

Xabier Odriozolak erantzun zien EAJren udal taldearen izenean. Onartu zuen bide guztiak "agortzekotan" daudela eta "ezer zehatzik" ez dagoela. Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin dutela ere azaldu zuen Balenciagaren inguruan egindako lanketaz informatzeko. "Esan digute diskrezioarekin jarraituko dutela [lanean] eta zerbait sendoa dagoenean albisteak izango direla".

Balizko inbertitzaileren bat agertuko balitz, etorkizunean langileek izango lituzketen lan baldintzek "kezka sortzen" diela ere esan zuen alderdi jeltzaleko hautetsiak, eta EAJren udal taldearen babesa ere erakutsi nahi izan zien langileei.

Iñaki Ostolazak, bere aldetik, EH Bilduko kide eta alkate bezala hitz egin zien. Gogoratu zuen akordio baterako oztopo nagusi den Cofideseko presidente Amparo Lopezekin hitz egin zuela lehendabizikoz parte guztiak mahai baten bueltan biltzeko. "Bide hark ez du irtenbiderik eman", onartu zuen alkateak, eta akordio batera heltzeko alde guztiek beraien aldetik zerbait aportatu beharko dutela ere azaldu zuen.

Alkate bezala, bere elkartasuna adierazi zien langileei. "Zumaiako ekonomiarako beharrezkoa da ontziola zabalik mantentzea eta ez joatea likidaziora. Bideragarritasuna lortzeko beharrezkoa den guztia egingo dugu. Hala konprometitu nintzen, eta hala jarraituko dut".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide