Etxape zentro sozialistaren bigarren urteurrena ospatuko dute datorren larunbatean

Juan Luis Romatet 2025ko ots. 5a, 08:00

Etxaperen lehen urteurrena ospatzeko iaz egin zuten ekitaldietako bat. (Urola Kostako Kontseilu Sozialista)

Etxape zentro sozialista zabaldu zutela bi urte bete dira, eta urteurrena ospatuko dute Mugimendu Sozialistako kideek datorren larunbatean, hilaren 8an, egun osoko egitarauarekin. 

Duela bi urte, 2023. urtean, zabaldu zuten Etxape zentro sozialista Aita Mari auzategian, Eroskiren supermerkatua egon zen eta urte askoan hutsik zegoen lokalean. Ordutik, proiektuaren bultzatzaileen esanetan, "azken urteetan krisiak gogorren kolpatu dituen gizarte-sektoreen pobretze orokorrari aurre egin eta egoera horri buelta emateko hainbat lan-lerro jarri" dituzte martxan. Zentroaren bigarren urteurrena ospatzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako.

Mugimendu Sozialistako kideen esanetan, "ezinbesteko tresna" bihurtu da Etxape, "barrura zein kanpora begira". "Alde batetik, mugimendu honetako antolakundeen egoitza politikoak dira zentro sozialistak: zereginak, bilerak eta barne-lanak egin ahal izateko espazioak. Eta, bestetik, egoitza sozialak ere bai, gure jardueraren erakusleiho direlako", adierazi dute, eta nabarmendu dute beraien "erreferentzia-puntu nagusi" ere badirela, "oinarri sozialarekin topatzeko espazio bat, edota interesa duen oro bertaratzeko toki bat".

Bi urte hauetan sortu edo bultzatutako zenbait ekintza ere xehetu dituzte Etxapeko lagunek: errefortzu eskolak, etxebizitzari eta lan esparruari lotutako aholkularitza edo liburutegia, esaterako. "Aipatutako proiektuez gain, bestelako ekimenak ere antolatu ditugu bi urte hauetan zehar Etxape Zentro Sozialistan. Esate baterako, inoizko ikasturte hasierarik garestienean eskola-material bilketa antolatu genuen beharra zuten familientzat edo Valentziako kaltetuei bidaltzeko material eta arropa bilketa ere jarri genuen martxan. Gainera, egitarau kulturalak ere izan ditugu: zineforumak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, xake txapelketak…", gogoratu dute.

Gimnasioaren irekiera

Azken hilabeteen, zentroan gimnasio bat egokitzeko lanetan aritu direla jakinarazi dute, eta datozen asteetan martxan izatea aurreikusten dute. Larunbatean egingo duten urteurreneko ekintzetan erakutsiko dute lehendabizikoz. Haien esanetan, instalazioa zumaiar guztientzako zabalik izango da, "eta doako kirol eskaintza bermatzea helburu izango duena. Izan ere, hainbat motatako kirol jarduerak egiteko gero eta oztopo ekonomiko gehiago topatzen ditu langileriak egun. Besteak beste, honako jarduerak egingo dira gimnasio berrian: boxeo, kickboxing, dantza…".

Urteurreneko egitaraua

  • 10:30. Gimnasioaren irekiera era autodefentsa tailerra.
  • 11:00. Balenciagako langileen aldeko pankarteo saioa.
  • 12:30. Hitzaldia: Faxismoaren gorakadaren aurrean, klase batasuna!
  • 14:00. Elkartasun argazkia: Balenciagako langileekin elkartasuna.
  • 14:30. Bazkaria. Txartelak Txikixa tabernan salgai.
  • 16:30. Magia ikuskizuna: Iagomago.
  • Ondoren, txokolatada.
  • Egun guztian zehar: 1937-2025: Zumaiatik kanporatutako herritarrak gogoan erakusketa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide