Gipuzkoako udalerri desberdinetara egiten ari den bisiten artean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez Zumaian izan zen duela egun batzuk, konkretuki, Santa Klara nekazalturismoan. Pasa den irailean ezagutu zuen Santa Klara, iazko Flysch Trail mendi lasterketaren aurkezpenean, eta gonbidapena jaso zuen berriro bisitatzeko. Iñaki Ostolaza alkatearekin egin zuen bisita.
Egun obretan dagoen eta aste batzuk barru zabalduko duten nekazalturismoa bisitatu zuten biek ere Santa Klarako jabe Ana Mari Eizagirre eta Maite Mancisidorren eskutik.. Erreforma horiek energia-eraginkortasuna eta digitalizazioa hobetzeko lanetan oinarritzen direla azaldu du aldundiak ohar bidez. Funtseskotzat jo zituen diputatuak bi gai horiek, "turismo jasangarri eta abangoardiako" baterako, bere esanetan, "kalitate handiagoko eta ingurumen-inpaktu txikiagoko esperientzia turistikoa eskaintzea" ahalbidetzen baitute.
"Santa Klara Gipuzkoarako bilatzen dugun turismo motaren adierazle ezin hobea" dela nabarmendu zuen Dominguezek, "bisitariei esperientziak eskaintzeaz gain, tokiko ekonomia indartzea eta Gipuzkoak lurralde gisa eskain dezakeenaren ikuspegi zabala eskaintzea ahalbidetzen duen turismoa", delako.
Lehen sektorearen indarra
Iñaki Ostolazak, bere aldetik, lehen sektoreak Zumaiako gizartean eta ekonomian duen pisua gogorarazi zuen. "Zumaian, industria-ehunaren pisua oso handia da, baina garrantzitsua da, halaber, gure ekonomian indarra duen lehen sektore bat izatea eta Santa Klarako nekazaritza-turismo hau bezalako baliabideek posible egiten dute", baloratu zuen.
Ana Mari Eizagirrek, Santa Klarako jabeak, baserritarrek egiten duten lana balorean jartzea eskatu zuen: "jendeak baserritarrok egiten ditugun produktuak estimatzea eta baloratzea nahi badugu, ezinbestekoa dela egiten dugun lan guztia ezagutzea".