Ekonomia sozial eta eraldatzailearen sustapenean lan egiten duen Alberga elkarteak otsailerako hitzaldi eta tailer sorta antolatu du, eta hil osoan landuko dutenaren atariko, aurkezpena egin dute gaur eguerdian Kofradia azpian. Komunitatea ezagutaraztea dute helburu, eta horretarako, elkartearen parte diren kideak nahiz herritarrak elkartu dira gaurko ate irekien saioan.
Gogorarazi dute ekintzailetza kooperatiboa bultzatu, saretu eta herrian proiektu berriak artikulatzeko sortu zela elkartea, eta proiektu sozioekonomikoak garatzeko baliabideak eskaintzea dela asmoa. Elkartearen parte diren proiektuek aurkezpen laburrak egin dituzte gaurkoan: saioan izan dira Latxa Lab, Bizitza zaintzeko, Koxinatu, Piztu eta Abaila proiektuetako kideak. Dena den, hilabete osoan zehar horiek gertuagotik eta sakonago ezagutzeko parada izango da.
Albergakideek esku artean dituzten asmo eta proiektuen berri eman nahi diete herritarrei, hain zuzen. "Ate irekion helburua elkartea herrira gerturatzea da, pixkanaka sarea josten hastea, eta gaur-gaurkoz ideia nahasia irudi arren, etorkizunerako oinarri kolektibo zabal bat eraikitzen hastea", azaldu dute. Pixkanaka "sarea josten hasi" nahiko lukete, "etorkizunerako oinarri kolektibo zabal bat eraikitzen" hasteko.
Egitaraua
Otsailak 6, osteguna
18:00. Latxa Lab proiektuaren aurkezpena, Javi Garridoren eskutik.
Otsailak 7, ostirala
18:00. Koxinatu: sukaldaritza agroekologikoko tailerra.
Otsailak 13, osteguna
18:00. Piztu: fakturen irakurketa tailerra.
Otsailak 14, ostirala
18:00. Abaila: Internet eta segurtasuna tailerra.
Otsailak 20, osteguna
18:00. Bizitza zaintzeko: ardura soziala eta zaintza justuak hitzaldia, Miren Aranguren Etxarte Emagineko kidearen eskutik.
Otsailak 27, osteugna
18:00. Piztu proiektuaren aurkezpena.
Otsailak 28, ostirala
18:00. Alberga: zer da ekonomia? Beste ikuspuntu bat hitzaldia, Skura Kooperatibaren eskutik.