Alberga eta bere komunitatea gertuagotik ezagutu ahal izango dira bihartik

Maria Maya Manterola | Gorka Eizagirre 2025ko ots. 5a, 09:15

Alberga elkartearen aurkezpena egin zuten zapatuan Kofradia azpian. Datozen egunetan proiektua gertuagotik eta sakonago ezagutzeko parada izango da.

Ekonomia sozial eta eraldatzailearen sustapenean lan egiten duen Alberga elkarteak otsailerako hitzaldi eta tailer sorta antolatu du, eta hil osoan landuko dutenaren atariko, aurkezpena egin zuten larunbat eguerdian Kofradia azpian. Komunitatea ezagutaraztea dute helburu, eta horretarako, elkartearen parte diren kideak nahiz herritarrak elkartu ziren zapatuko ate irekien saioan.

Gogorarazi zuten ekintzailetza kooperatiboa bultzatzeko, saretzeko eta herrian proiektu berriak artikulatzeko sortu zutela elkartea, eta proiektu sozioekonomikoak garatzeko baliabideak eskaintzea dela asmoa. Elkartearen parte diren proiektuek aurkezpen laburrak egin zituzten larunbatean: saioan izan ziren Latxa Lab, Bizitza Zaintzeko, Koxinatu, Piztu eta Abaila proiektuetako kideak. Dena den, hilabete osoan zehar horiek gertuagotik eta sakonago ezagutzeko parada izango da. 

Maddi Uranga Albergako kidearen hitzetan, proiektu horien arteko sarea agerian utzi nahi izan zuten aurkezpenean, "herriak ikusteko elkarlanean sortzen direla proiektuak eta hori dela garrantzitsuena komunitate horretan". Albergakideek esku artean dituzten asmo eta proiektuen berri eman nahi diete herritarrei, hain zuzen. "Ate irekion helburua elkartea herrira gerturatzea da, pixkanaka sarea josten hastea, eta gaur-gaurkoz ideia nahasia irudi arren, etorkizunerako oinarri kolektibo zabal bat eraikitzen hastea", azaldu zuten. Astelehenetik asteazkenera bitartean, arratsaldeetan egunero zabalduko dute Kofradia azpiko lokala, jendeak bisitatzeko aukera izan dezan eta proiektuak bertatik bertara ezagutu ditzan. 

Hitzaldi eta tailerrak

Ostegun eta ostiraletan, berriz, komunitate bakoitzaren proiektua aurkezteko edota hitzaldi nahiz tailerretarako beta hartuko dute. Proiektu horiek irekiak direla azaldu zuen Urangak, baita Alberga bera ere: "Gure ideia sare zabalagoa osatzea da, proiektuak batzea, eta saretik bertatik ere proiektu berriak sortu ahal izatea". Zumaian kokaturiko proiektuak dira orain arte sarearen parte direnak, baina edonongo egitasmoak beso zabalik jasoko dituztela argi utzi dute. Harremanak badituzte Zumaiaz gaindiko batzuekin, elikadura eta kontsumo jasangarria sustatzen duen Zarauzko Lakarirekin, esaterako. Urola Kostako Udal Elkartearekin ere lanean dabiltzala gaineratu zuen.

Egitaraua

Otsailak 6, osteguna

18:00. Latxa Lab proiektuaren aurkezpena, Javi Garridoren eskutik.

Otsailak 7, ostirala

18:00. Koxinatu: sukaldaritza agroekologikoko tailerra.

Otsailak 13, osteguna

18:00. Piztu: fakturen irakurketa tailerra.

Otsailak 14, ostirala

18:00. Abaila: Internet eta segurtasuna tailerra.

Otsailak 20, osteguna

18:00. Bizitza zaintzeko: ardura soziala eta zaintza justuak hitzaldia, Miren Aranguren Etxarte Emagineko kidearen eskutik.

Otsailak 27, osteguna

18:00. Piztu proiektuaren aurkezpena.

Otsailak 28, ostirala

18:00. Alberga: zer da ekonomia? Beste ikuspuntu bat hitzaldia, Skura Kooperatibaren eskutik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide