23 saltoki kalera aterako ditu Gerturen neguko azokak

Maria Maya Manterola 2025ko ots. 6a, 09:00

Gerturen neguko azokako irudi bat, 2023an. (Guka)

Neguko azoka antolatu du Gertu Zumaiako merkatarien eta ostalarien elkarteak. Ostiralean eta larunbatean egingo da, bihar eta etzi, eta elkarteak aurreratu duenez, 23 saltokik parte hartuko dute. 

Gertu Zumaiako merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatutako neguko azokaren aitzakian, hotzari aurre egin, eta herriko 23 saltoki kalera aterako dira ostiralean eta larunbatean, bihar eta etzi. Goizez eta arratsaldez izango da azoka martxan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta saltoki bakoitzak bere establimenduaren aurrean jarriko ditu produktuak salgai. 

Guztira, 23 izango dira postua jarriko duten saltokiak: Egoki bitxitegia, Amalur, BreweryLand, Spot surf, Ana arropa,  Olaizola,  Sorginak, Idoiaren mertzeria, Txera,  Kaïoa, Atalaia,  Loa Lingerie, Mâo arte studioa, Mañeko okindegia  Ane Arribas,  Loa Woman,  Loa Man,  Iruitz ileapaindegia, Blue Nails, Koketa, Bib dekorazioa, My móvil Zumaia eta Coro estetika zentroa.

Giroa jartzeko, bestelako ekitaldiak izango dira azokak iraun bitartean: Apaxirekin ipuin kontaketa saioa izango da ostiralean Erriberan, 17:00etan hasita. Larunbatean, berriz, haurrentzako galleta tailerra emango dute 11:00etan Amaia plazan; 12:00etan hasita, trikitilariak ibiliko dira kalez kale; eta arratsaldean, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte Eusebio Gurrutxaga plazan, 16:30etik aurrera. Egunari amaiera emateko, EinGo! folk taldearen kale animazioa izango da 18:00etan. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide