Umea zenean, irakaslea balitz bezala jolasten zuen etxean. Gerora, medikuntza gustuko zuela ohartu zen Izaro Larrañaga (Azkoitia, 1981), baina farmazia ikasketak gauzatu zituen azkenean. Gradu hura egitea "zaila" egin zitzaiola kontatu du hark, lan eta teoria askoko gaiak zituztelako. Goizetan klase teorikoak izaten zituen, eta arratsaldean, ikasgai bakoitzarekin lotutako praktikak. Azkoitiarraren esanetan, denbora libre gutxi izaten zuen, eta ikasi beharreko asko. Ikasketa haietan oso jarraikorra izan beharra zegoela esan du Larrañagak: "Agian ez nituzke berriro ikasketa berberak egingo".
Gradua amaitu bezain laster hasi zen farmaziaren munduan lanean, 23 urterekin, eta hemeretzi urtez ibili da farmazia ezberdinetan lanean: Azpeitian, Azkoitian, Zumaian... Azken lanpostuan urte askoan aritu ondoren, aldaketa baten beharra sentitu zuela azaldu du: "Aurrerapausoa emateko gogoa nuen; zerbait ezberdina egin nahi nuen eta egunerokotasuna aldatu. Irakaskuntzan lanean hasteko burutazioa izan nuen, baina, azkenean, alde batera utzi nuen ideia hori". Duela urtebete bere farmazia irekitzeko aukera suertatu zitzaion, eta erronka horri heldu zion: Zumaian ireki zuen, Amaia plazan. Farmazia bat irekitzeak lehengo lan berean jarraitzea dela dirudien arren, egitekoak ez duela zerikusirik dio Larrañagak.
Botika baten irekiera prozesua Eusko Jaurlaritzak martxan jartzen duen lehiaketa batetik abiatzen dela azaldu du. Alde batetik, farmazia edo botika bat erosi nahi duten pertsonak aurkezten dira lehiaketara, eta bestetik, saldu nahi dutenak. Lehiaketa horretara aurkeztu zen Larrañaga, eta puntuazioetan gorabeherak izan ostean, irabazleen artean sartzea lortu zuen. Saltzaileetako batekin harremanetan jarri eta izapide luze batzuk egin ondoren, proiektuari hasiera ematea lortu zuen. Dena den, bide luze horren atzean aholkularitza handi bat dagoela adierazi du, guztia aurrera eramateako bidean babes eta laguntza handia eman diona.
Larrañaga "oso gustura" dago lortzen ari den emaitzekin: "Neure farmazia izateak lasaitasuna ematen dit. Nahiz eta hasierako bi hilabeteak kaos bat izan, orain lasai joaten naiz lanera. Egia esan, enpresa baten atzean dagoen lanaz asko ikasi dut bidean". Izan ere, farmaziako langile izatetik farmazia baten jabe izatera igaro da denbora gutxian. "Botika bakoitza mundu bat da, batek ez du bestearekin zerikusirik, nahiz eta kanpotik berdinak direla ematen duen. Gainera, jendearekin dudan tratua gustatzen zait farmaziatik gehien".
Gizartearen piramidea
Gaur egun, gizartearen piramidea aldatzen ari dela dio Larrañagak. Adineko gero eta jende gehiago dagoela eta horietako ia guztiek sendagaiak hartzen dituztela aipatu du. Dena den, gazte asko ere medikatu egiten direla jakinarazi du. "Pandemiaren ondorioz, asko saltzen dira antidepresiboak nahiz lo egiteko arazoei aurre egiteko pilulak. Gizartea gero eta medikatuagoa dago". Horren harira, pandemia garaia "oso arraroa" izan zela azaldu du botikariak. "Gu egunero etortzen ginen lanera. Etxean guztiak konfinatuta zeuden, eta ni, berriz, lanean. Bizitza normala egiten jarraitu behar nuen, baina ezinezkoa zen. Jendeak beldur handia zuen, eta oso irreala zen guztia. Denok astero ateratzen zituzten datu horien zain egoten ginen, gurean neurriak hobetuko al ziren edo ez jakiteko", azaldu du.
Eskuratzeko errezeta behar den eta botikan gehien saltzen diren produktuak lo egiteko pilulak, antidepresiboak eta idorreriaren kontrako produktuak direla esan du Larrañagak, eta errezetarik gabekoen artean, aldiz, ibuprofenoa eta paracetamola direla salduenak. Horrez gain, gaixotasun kardiobaskularren aurkako sendagaiak gero eta gehiago saltzen direla aipatu du. Etorkizunera begira, Larrañagak aldaketa batzuk emango direla uste du, baina zenbait gauzek bere horretan jarraituko dutela azpimarratu du: "Gizarte sedentarioak gaixotasun asko sortzen ditu, eta horrek bere horretan jarraituko du jendea zaintzen ez baldin bada. Horrekin batera, lehen aipatutako medikamentuen salmenta ere mantendu egingo da. Izan ere, norbait ez bada asko mugitzen, komunera joateko zailtasun handiagoak izango ditu; eta bizi erritmoa ez baldin bada aldatzen, lo egiteko pilulak ere asko salduko ditugula iruditzen zait". Bestalde, nutrikosmetikak ere indar handia hartuko duelakoan dago. Aho bidezko tratamenduak dira nutrikosmetikari lotutakoak, eta azal bidezkoak baino eragin handiagoa dute. Produktu mota horrek datozen urteetan indar handia hartuko duela ziurtzat jo du Larrañagak.
Bezero artean
Bezeroekin duten hartu-emanari garrantzi handia ematen dio azkoitiarrak; oso garrantzitsua iruditzen zaio bezeroa "goxo-goxo" tratatzea. Bezeroaren azalean jarri, hark eskatzen duena ulertu eta hari zerbitzu egokia ematea ezinbestekoa da Larrañagarentzat: "Bezeroa ez baldin baduzu ulertzen, askotan haren erantzuna ez da egokia izaten". Lasaitasuna eta erosotasuna transmititu behar zaizkie bezeroei, haien konfiantza lortzeko. Azken finean, botikaria bera ere lasaiago sentitzen da bezeroari erantzun bat ematen dionean eta erantzuna haren gustukoa izan dela ikusten duenean: "Zerbitzu ona eman ostean bueltan jasotzen duzun eskerra da niretzat garrantzitsuena". Horrez gain, Larrañagari beharrezkoa iruditzen zaio bezero bakoitzaren garapena ikustea ere. Hau da, eman dion medikamentuak bezeroari on egin al dion ikustea nahi izaten du.
Farmazialaria ez dago geldirik egoteko, eta hainbat hitzaldi eskaintzen hasia da bere lokalean. Abenduaren 11n nutrikosmetikaren inguruko hitzaldi bat eman zuen hark, esaterako. Arlo horrek duen garrantziaz eta dituen eraginez jabetzea zeinen garrantzitsua den azaldu zuen hitzaldi hartan Larrañagak. Bereziki azaleko dermisa, epidermisa, kolagenoak... ondo zainduz gero, zer hobekuntza izan ditzakeen azaldu zuen. "Gaur egungo produktu berriak zer-nolakoak diren azaltzeko ezinbestekoa iruditzen zait horrelako hitzaldiak ematea. Laborategi bat kontaktuan jarri zen nirekin, hitzaldia emateko aukera eskaini zidaten eta halaxe egin nuen".
- Adina: 43 urte.
- Ikasketak: Farmazia gradua.
- Lanbidea: botikaria.
- Garbiguneko langilea ez banintz… medikua.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… korrika egitea.