Irungo erailketa salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 7a, 12:32

Joan den irailean Saregilen egindako elkarretaratze bat. (Maria Maya Manterola)

Zumaiako Mugimendu Feministak deitu du protestara, eta udalak adierazpena kaleratu du hilketa gaitzetsiz eta herritarrei eskatuz elkarretaratzean parte har dezatela eta inplika daitezela indarkeriaren kontrako borrokan.

Asteazkenean 47 urteko gizon batek bere ama labankadaz larri zauritu zuen Irunen (Gipuzkoa), eta zauri horien ondorioz, ospitalean hil zen emakumea atzo.

Irungoa urtea hasi zenetik Euskal Herrian jazo den bigarren hilketa matxista izan da, eta Zumaiako mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du bihar 13:00etarako. Bilkura, ohi bezala, Saregile plazan izango da.

Zumaiako Udalak bat egin du elkarretaratzearekin, eta adierazpena kaleratu du udalaren webgunean. Irungo hilketa "gogor salatu" eta hildakoaren familia eta gertukoei "elkartasun osoa adierazi" nahi izan die udalak, eta indarkeria matxistaren aurrean herritar guztien inplikazioa eskatu du: "Udalak argi utzi nahi du ez duela giza eskubideen urraketarik onartzen, ez Zumaian eta ez beste inon ere. Eta honen aurrean, herritar guztien inplikazioa eskatzen du. Izan ere, herritarron ardura ere bada indarkeria ororen aurrean jarrera aktiboan jokatzea".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide