Brigada indartzeko eta udal zerbitzuak hobetzen jarraitzeko asmoarekin, bi ofizial igeltsero eta iturgin bat behin betiko izaeraz kontratatuko ditu Zumaiako Udalak. Bi deialdiok 2023ko Lan Eskaintza Publikoaren barruan daude jasota, eta, brigadaren eguneroko lanak erraztea eta espazio publikoen mantentze lanak eraginkorrago bihurtzea dute xede.
Igeltsero postuei dagokionez, espazio publikoetako eta eraikinetako mantentze eta konponketa lanak egiteaz arduratuko dira, hala nola zoladurak, eraikuntza berriak eta seinalizazio lanak. Euskararen 2. hizkuntza eskakizuna eta B gidabaimena eskatzen ditu udalak.
Kontratatutako iturginak, aldiz, ur horniduraren eta saneamenduaren sareetako mantentze eta hobekuntza lanak egingo ditu, eta eraikinetako ur instalazioen konponketak burutuko ditu. Hemen ere, 2. mailako hizkuntza eskakizuna eta B gidabaimena eskatzen ditu udalak.
Zumaiako Udalak azaldu duenez, deialdia Estatuko Boletin Ofizialean argitaratu ondotik, dagoeneko zabalik daude bi prozesuak. Izen ematea otsailaren 7tik martxoaren 6ra bitartean egin beharko da, eta nahi duenak informazio gehiago aurkituko du udaleko webguneko Lan eskaintza publikoa atalean.