Gertu Zumaiako merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatuta, neguko azoka egiten ari dira atzo eta gaur herrian zehar. Guztira, herriko 23 saltoki atera dira kalera azken bi egunetan, bai goiz eta bai arratsalde. Atzo arratsaldean 17:00etatik 20:00etara eskaini zituzten produktuak prezio onenean negozioek, eta gaur 10:00etatik 14:00etara izan da azoka. Arratsaldean ere irekita egongo da, eta herritarrek aukera izango du pagotxak aurkitzeko saltoki horietan, 17:00etatik 20:00etara.
Saltokiez gain, baina, bestelako ekintzak ere antolatu ditu Gertuk. Atzo Apaxiren ipuin kontaketa saioa izan zen Erriberan, eta gaur goizean, aldiz, haurrentzako galleta tailerra eskaini dute Amaia plazan. Interesa piztu du azken ekintza horrek, eta ume nahiz guraso bat baino gehiago gerturatu dira bertara ondo pasatzeko asmotan. Kalean ere, hotza egin arren, zumaiarrak ikus zitezkeen dendetako arropak begiratzen. Arratsaldean, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte Eusebio Gurrutxaga plazan, 16:30etik aurrera, eta egunari amaiera emateko, EinGo! folk taldearen kale animazioa izango da 18:00etan.