Bihar arratsaldera arte eman daiteke izena Zumaiako 40. Herri Lasterketan

Maria Maya Manterola 2025ko ots. 10a, 14:30

Herri lasterketa bateko artxiboko irudia. (Guka)

Larunbatean egingo dute saltaka saioa. Bi distantziatan korrituko da proba, eta bietarako izen ematea bihar arratsaldera arte egin ahal izango da, Internet bidez, kronoak.com webgunean.

Otsailaren 15ean, larunbata, jokatuko da Zumaiako 40. Herri Lasterketa, arratsaldez, eta azken urteotan bezala bi distantziatan parte hartu ahal izango da: 5.600 metroko lasterketa laburrean eta 10.200 metroko luzean. Eusebio Gurrutxaga plazan kokatuko dituzte probaren irteera eta helmuga puntuak. 

Hasteko, ohikoa den bezala, gaztetxoen probak jokatuko dituzte. Kimuen kategoriako korrikalariek 1.050 metroko ibilbidea egingo dute 15:45etik aurrera; infantil eta kadete mailakoek; 2.100 metrokoa: infantilak 16:00etan aterako dira eta kadeteak 16:10ean. Denak ere Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuko dira. 16:30ean benjamin mailako haurren txanda izango da. Hauek 250 metro egingo dituzte Saregile plazatik aterata. 16:40an haur eta gaztetxoen kategoriako sari banaketa egingo dute. 

17:00etan aterako dira distantzia luzeko parte hartzaileak, eta hamar minutu geroago, 17:10ean, lasterketa laburrekoak. 18:15ak arte izango dute korrikalari horiek lasterketa bukatzeko epea.

Bi lasterketa hauetarako izenak kronoak.com webgunearen bidez jasoko dituzte. Distantzia luzeko korrikalariek 13,40 euro ordainduko dituzte izena ematerako orduan; laburrekoak, aldiz, 11,35 euro. Bien kasuan izena bihar (asteartea) 20:00ak bitarte eman daiteke. Informazio gehiagorako, Lubaki kiroldegira jo daiteke, 943-86 20 21 telefono zenbakira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide