Gerra zibilari eta memoriari buruzko komiki liburua aurkeztuko dute bihar

Maria Maya Manterola 2025ko ots. 11a, 09:00

Komikian, Gerra Zibila bizi zutenen kontakizunak ditu abiapuntu, eta haien memorietatik abiatzen da. Bihar izango da aurkezpena, asteazkena, 18:30ean Oxford aretoan.

Orratz-begia: 1936ko Gipuzkoako gerra haurrak erakusketaren barruan, memoriari eskainitako komiki baten aurkezpena egingo dute bihar, asteazkena. Hain zuzen,  Begoña Garrido sortzaileak eta Nora San Sebastianek Erbestearen memoriak, 37ko euskal haurrak komikiaren aurkezpena egingo dute Oxford aretoan, 18:30ean hasita. Begoña Garridok eta Oscar Gorroñok sortutako liburua da aurkeztuko dutena. 

Hiru kontakizun bildu dituzte komikian, eta "Bizkaian Gerra Zibilaren gorabeheretatik bizirik atera ziren hogeita hamar pertsona baino gehiagori egindako elkarrizketak" dituzte abiapuntu. "Horixe da komiki honen motibazioa: hiru bizitza istorio birsortzea, indibidualtasunetik eta emozioetatik iragan hurbilari begiratzera gonbidatzen gaituztenak, 37ko euskal haurren esperientzia kolektiboa berreraikitzeko", diote egileek. Era berean, komikiaren baliabide grafikoei esker, erbestera joan ziren haurren belaunaldiaren eta gaur egungo haurren belaunaldiaren arteko "zubia" irudikatu dituzte. Hala ere, liburua gazteenei ez ezik, garai hura gertutik bizi zuten familia guztiei zuzenduta dago. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide