Azken urteotan Larretxo auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanean ari da udala. Larretxo eta San Telmo arteko igogailua 2022tik dago erabilgarri, eta orain hasiko dira, bigarren igogailu bat eraikitzeko lanekin. Hain justu, Itzurunbidea pasealekua, erdialdeko belargunea eta Larretxoko goialdeko pasabidea lotuko ditu igogailu horrek.
Aste honetan hasi ditu lanak Construcciones Urdinberri S.L. enpresak, eta guztira, 671.298 euroko inbertsioa egin du udalak igogailuaren eraikuntza lanetarako. Zortzi hilabeteko epean amaitzea espero dute. Dena den, udalak esan du "espero baino gehiago" luzatu dela igogailua egiteko prozesua. "Hasiera batean aurkeztutako proiektuan hobekuntzak txertatu behar izan genituen, lehenago bizilagunek egindako ekarpenak entzun ondoren. Lehen deialdia hutsik geratu zen, eta gero, udalak proiektuaren aurrekontua igota argitaratu zen bigarren deialdia", azaldu dute.
Proiektuan jasotzen denez, "ibilbide irisgarria" bermatuko du igogailu berriak, eremuaren topografia aintzat hartuta. Itzurunbidea pasealekua, erdialdeko belargunea eta Larretxoko goialdeko pasabidea izango dira hiru geldiuneak, eta lehen eta bigarren pisuko geldiunearen eremuak ere txukunduko ditu udalak.
Eragina auzoan
Obrak iraun bitartean, inguruko zenbait aparkaleku deuseztatuko dituztela ohartarazi die udalak bizilagunei. Izan ere, obra egiteko beharrezko materiala eta egiturak gordetzeko espazioa behar dute.