Bost jardunaldi jokatuta, Kbi Zumaiako xake klubeko A taldeak Gipuzkoako ligako lider jarraitzen du preferente mailan, B multzoan. Pasa den larunbatean, hilaren 8an, Mendaron izan zituzten partidak, Createch Medical taldearen aurka. 1,5-2,5 emaitzarekin irabazi zuten zumaiarrek. Oier Sarasketak, Xabier Aranzabalek, Fermin Laurobak eta Julio Hernan Andradek jokatu zuten Kbi Aren izenean.
Jardunaldi horren ondoren, B multzoko lehen postuan da Kbi A taldea 12 punturekin. Datorren jardunaldian atsedena izango dute Zumaiako xake jokalariek.
Bigarren mailan lehiatzen ari den Kbi B taldeak ere garaipena erdietsi du bosgarren jardunaldian. Txaturanga taldea hartu zuen Hogarrean, eta 2,5-1,5 emaitzarekin irabazi zioten zumaiarrek. Oscar Aizpuruak, Miguel Angel Aguadok, Iñaki Arrietak eta Beniaarbi Mohamedek jokatu zuten pasa den larunbatean B taldearekin. Zazpigarren da gaur egun Kbi B taldea ligako bigarren mailako B multzoan. Datorren astean ere etxean jokatuko du, multzoko lider den Zaleak A taldearen aurka.
C taldeak, berriz, 0-4 emaitzarekin galdu zuen Anaitasuna-Kakute B taldearen aurkako partidetan. Endika Ruiz, Andoni Harys Palawo, Asier Oliva eta Telmo Martinek jokatu zuten jardunaldi honetan Zumaiako klubeko C taldearekin. Bederatzigarren da Kbi C taldea bere multzoan, eta datorren asteburuan Bergaran izango du hitzordua.