Hitza eta soinua uztartzen dituen emanaldia, gaur Emakumeon Etxean

Juan Luis Romatet 2025ko ots. 13a, 08:00

Danele Sarriugarte eta Miren Narbaiza.

Danele Sarriugartek eta Miren Narbaizak Poperra, afterra eta utopia emanaldia eskainiko dute gaur arratsaldez Zumaiako Emakumeon Etxean.

Hitza eta soinua uztartzen dituen saioa eskainiko dute gaur arratsaldez, 18:30etik aurrera, Danele Sarriugartek eta Miren Narbaizak Zumaiako Emakumeon Etxean. Poperra, afterra eta utopia du izena emanaldiak eta gazteak astintzea du helburu, ezagunak egingo zaizkien hainbat egoeratan irudikatuko baitute euren burua.

Berrogeita bost minutuko emanaldi bat da, hitza eta soinua uztartzen dituena. Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileak testu bat irakurriko du, hiru zatitan banatuko dena, eta irakurketan bertan zein etenaldietan Miren Narbaiza musikariak soinu-giroak sortuko ditu, baita kantuak jo ere. Hitzek eta musikak batasun bat osatzen dute gaur Zumaian gozatu ahal izango den saioan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide