Iñaki Agirrezabalaga: "Egunerokotasuna jaso nahi izan dut lau gazteren ikuspuntutik"

Juan Luis Romatet 2025ko ots. 13a, 09:30

Iñaki Agirrezabalaga, bideoklipa filmatzen ari ziren une batean. (Xabier Beloki)

Gazteen egitasmoak sustatzeko Zumaiako Udalak sortutako beka jaso du Agirrezabalagak. Miguel Gutierrezen Basoa.wav proiektuko abesti baten inguruko bideoklipa ondu du.

Zumaiako Udalak sortutako beka jaso du Iñaki Agirrezabalagak (Zumaia, 1997). Ondu duen bideoklipa datorren astean plazaratuko du. 

Udalaren beka deialdira aurkeztu zinen. Zer helbururekin?

Iaz amaitu nituen Argazki Zuzendaritzako ikasketak, eta aurretik beste ikasketa batzuk eginda nituen; gainera, Madrilen lanean ibilitakoa ere banaiz. Zumaian zerbait egiteko gogoa nuen. Halako batean, jakin nuen Miguel Gutierrezek beka bat jaso zuela disko bat ateratzeko; bertan herriko jendeak parte hartuko zuela eta Zumaiako soinuak jasoko zituela ere esan zidaten. Pentsatu nuen proiektu perfektua zela bideoklipera eramateko; nahiko naturala iruditzen zitzaidan, baita egiteko erraza ere. Lagun batzuekin hitz eginda, jakin nuen beste beka deialdi bat irekiko zutela. Miguelekin hitz egin nuen, proposatu nion ideia eta pentsatu nuen une egokia zela beka deialdi horretara aurkezteko. Horren harira, bideoklipa egiten hasi ginen. 

Beraz, ez da izan bi sortzaileek une berean abiatutako proiektua.

Ideia nirea izan zen, ikusita Miguelek proiektu hori zuela. Ideia guztia nik garatu dut, baina haren proiektuan oinarritutako bideoklipa denez, haren baimena eta oniritzia eduki nahi izan ditut. 

Gutierrezek Zumaiako kutsua jaso nahi izan du musikaren bidez. Nolakoa izan da zure lanketa?

Haren lanari jarraipena eman nahi izan diot. Esan zidan soinu desberdinak hartzen aritu zela, Erribera kalekoak edota jolastokietakoak, eta horrek inspirazio gisa balio izan ziola. Hortik jo nahi nuen, baina bideoklipak ezin zuen gauza bera izan. Haren proiektua zortzi abestiko disko oso bat da, eta askorako ematen du. Guk lau minutuko bideoklip bat egin dugu, eta ezin izan dugu hark duen ideia hori guztia islatu.  

Lehenbizi, Esti Curielekin hitz egin nuen jakiteko Antzerki Eskola zer egoeratan zegoen eta bertako ikasleak animatuko ote ziren proiektuan parte hartzera. Ideia izan zen lau gazte hartzea eta haien bidez Zumaiako normaltasuna jasotzea. Zumaiako ikus-entzunezko asko hondartzan grabatutakoak dira, horretara ohituta gaude, eta Zumaiako beste ikuspuntu bat erakutsi nahi nuen, egunerokotasunean oinarritutakoa. Eskolara joaten den jendea jaso nahi nuen, kiroldegira edo gaztetxera joaten dena; irudietan hainbeste jaso ez dena, baina Zumaiako gizartean errotuta dagoena. Egunerokotasun hori lau pertsonaren ikuspuntutik jaso nahi izan dut. 

"Miguel Gutierrezen proiektua perfektua iruditu zitzaidan bideokliperako"

Badu, beraz, kontakizun bat lanak. Ez da irudi abstraktu batzuetara mugatzen, ezta?

Kuadrilla bat osatzen duten bi neska eta bi mutil dira protagonistak. Goizean elkartzen dira eskolara joateko; batek piper egiten du eta ez da joango eskolara. Bakoitzak bere erara igaroko du arratsaldea: bat soziedadera joango da familia bazkari batera, beste bat arraunean entrenatzera, hurrengoa etxean geratuko da bere gauzak egiten, eta laugarrena Herri Eskolako ping-pong mahaian egongo da lagun batekin porroak erretzen. Zumaian nahiko normalak diren lau errealitate erakutsi nahi izan ditut. Amaieran, baso batean elkartuko dira; izan ere, Miguel Gutierrezen proiektuak Basoa.wav du izena. Hizketan egon ondoren, gaztetxean bukatuko dute gauean, festa giroan.

Bideoklipa dagoeneko filmatuta al duzu?

Muntatuta dugu dagoeneko, eta aste honetan postprodukzio lanak amaitzen ari gara. Azken ukituak ematen gabiltza, eta printzipioz datorren astean erakutsiko dugu. Miguelek abestia aurkezten duen momentuan, guk bideoklipa kaleratuko dugu. Ikus-entzunezkorako aukeratu dugun abestia Retrobisorea izenekoa da. Zumaiako Musika Bandako kideekin egindako abestia da, eta Jon Maiak kantatzen du.

"Zumaiako ikus-entzunezko eragileen artean sinergia sortu nahi izan dut"

Lehen aipatu duzu Gutierrezen oniritzia eduki nahi izan duzuela. Ikusi al du hark bideoklipa?

Ez. Esan nion proiektu honetan buru-belarri sartuko nintzela, baina ideia kontatu eta gero, askatasun guztia behar nuela. Proiektu bakoitzak bere bidea egin du. Noski, argitaratu baino lehen ikusiko du, baina dagoen bezala geratuko da. 

Diskoko abesti baten gainean egin duzu bideoklipa. Jarraipenik izango al du beste bideoklip batekin edo?

Kasu honetan, albumeko kanta bakarrarena egingo dut. Ondu dugun bideokliparen kostua eman diguten beka baino handiagoa da. Jende askok parte hartu du bideoklipean, horietako batzuek musu truk. Nahiago izan dugu proiektu bakarra eta ondo egin, erdipurdiko hiru, lau edo bost bideo egitea baino.

Bakarrik ezingo zenuen halako proiektu bat aurrera eraman. Zein izan dituzu alboan?

Helburua bazen Zumaiako ikus-entzunezko eragileen arteko sinergia sortzea. Nirekin buru-belarri Malen Trenado aritu da. Ekoizpena ikasi du, eta bideokliparen produkzio lanetan aritu da; baimenak lortzen, kudeaketa lanetan... Ekain Albitek lagundu dit aktoreen zuzendaritzarekin, eta Esti Curielek ere bai. Antzerki Eskolako ikasleak ere aritu dira gurekin, eta Markel Herrera ere bai aktore lanetan. Zumaiako eragile dezentek parte hartu dute, nire helburua hori zelako, elkar ezagutzea eta ikustea nola moldatzen ginen, etorkizunean proiektu gehiago egiteko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide