Olinpiar Jokoak izango dira Inauterien hasieran, Musika eta Dantza Eskolaren eskutik

Juan Luis Romatet 2025eko otsailaren 14a

Ubillos aurrean egin dute Inauterietako jaialdiko aurkezpena. (Miriam Romatet)

Otsailaren 28an egingo dute aurtengo jaialdia. Kalejira eta dantza saioa prestatzeko tailerrak eta ikastaroak egingo dituzte datozen egunotan. 

Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak jaialdia egingo du aurten ere Inauteri jaien atarian. Otsailaren 28an izango da, ostiralez, arratsalde partean, eta aurtengo gaia Olinpiar Jokoak izango dira. Bertan, Musika eta Dantza Eskolako komunitateak (ikasle, irakasle eta gurasoek) eta Zumaiako Musika Bandak hartuko du parte. Ohi bezala, kartelak eta irudiak Ander Hormazurik diseinatu ditu. 

Pasa den urte amaieran, abenduaren 19an egindako entzunaldian eman zituzten aurtengo jaialdiko gaiaren lehen pistak. Ordutik, jokoetako zuzia herriko eraikin desberdinetan ibili da eskuz esku: Musika Eskolan, Torreberrin, Alondegian edo Brankan, esaterako. Jaialdiko egunean bertan, 17:30ean, herriko alkate Iñaki Ostolazak pasako die zuzia Musika eta Dantza Eskolako haurrei haiek kalejiran eraman dezaten. 

Taillerrak eta ikastaroak

Jaialdia prestatu ahal izateko, tailerrak eta ikastaroak antolatu dituzte. Hala, irakasle eta gurasoei zuzendutako bi saio egingo dituzte Zumaienako gimnasioan. Lehena otsailaren 18an egingo dute, 15:30etik 16:30era bitartean, eta bigarrena otsailaren 25ean, 19:00etatik 20:00etara. 

Kalejira prestatzeko bi entsegu saio ere egingo dituzte. Otsailaren 24an egingo dute lehena, eta 27an bigarrena. Biak ere 17:00etatik 17:30era bitartean egingo dituzte. 

Bestalde, jokoetan emango dituzten dominak prestatzeko tailerra ere antolatu dute. Otsailaren 24, 26 eta 17an 17:45etik 18:45era egingo dira; otsailaren 25ean, aldiz, 17:00etatik 18:00etara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide