Trafikoan eragina izango du bihar korrituko den herri lasterketak

Juan Luis Romatet 2025ko ots. 14a, 14:00

Korrikalariak herri lasterketan parte hartzen.

Axular ibiltokia autoentzako itxi egingo dute bihar arratsaldez, 17:00etatik 18:00etara bitartean. Urola bailarako zerbitzua ematen duten Lurraldebuseko autobusek ere ez dute geldialdirik egingo Etxezarreta kalean probak iraungo duen denboran.

Zumaiako Herri Lasterketa jokatuko dute bihar arratsaldean. Haur eta gaztetxoen lasterketak jokatuko dira lehenbizi, eta helduena ondoren, 17:00etatik aurrera. Bihar arratsalde partean jendetza izango dela aurreikusten da. 

Horrek eragina izango du herriko trafikoan ere. Udaltzaingoak esanaren arabera, Axular ibiltokia itxi egingo dute ordubetez, 17:00etatik 18:00etara bitartean. Zubitxikitik Txikierdira bitarteko tartea autoen joan-etorrirako itxita izango da. Herrirako joan-etorriak N-634 errepideko saihesbidearen bidez egingo dira. Herritarrei eskatu diete aipatutako ordu horietan autoa ez hartzeko, "ezinbestekoa ez bada, behintzat".

Kirol probak eragina izango du, baita ere, Lurraldebuseko autobusen bi zerbitzutan. Zumarragatik Zumaiara 17:20an heltzen den busak, eta Zumaiatik Zumarragara 17:45ean aterako den ibilgailuak ez du geldialdirik egingo Etxezarreta kaleko geralekuetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide