Zumaiak lan ona egin du Oriaren 31. Traineru Jaitsieran

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 16a, 09:58

Atzo arratsaldean Orioko errioan jokatu zen erlojupekoa. Gizonezkoetan Orio eta emakumezkoetan Arraun Lagunak nagusitu ziren, eta beteranoen bandera Badok13 taldeak eraman zuen.

Atzo arratsaldean jokatu zen Oriaren 31. Traineru Jaitsiera errioan, eguraldi zoragarriarekin. 16:30ean hasita, 77 ontzi aritu ziren nor baino nor erlojuaren aurkako lanean, eta jokoan ziren hiru banderetatik bi etxean gelditu ziren, senior gizonezkoena eta beteranoena, hain zuzen –Badok13 taldeak irabazi du azken hori–. Orio Arraunketa Elkarteko gizonen lehen taldeak nagusitasunez irabazi zuen estropada 19:46,97 denbora eginda eta Donostiarrari hamalau segundoko aldea aterata.

Emakumezkoetan Arraun Lagunak gailendu zen 13:45,49 denborarekin, eta Orio izan zen bigarren, zazpi segundora, 13:53, 33 denbora markatuta.

Zumaiak hiru traineru uretaratu zituen Orion: senior gizonezko eta emakumezkoena, eta beteranoena. Gizonezko seniorretan hamabost traineruk parte hartu zuten, eta Zumaia zortzigarren (20:34,92) sailkatu zen, Getariaren ondoren (20:30,78) eta Zarautzen aurretik (20:40,89).

Emakumezko seniorretan hamahiru talde lehiatu ziren, eta zumaiarrak bosgarren sailkatu ziren, 14:18,63 denbora eginda.

Ohi bezala, gizonezko seniorrek 6.000 metroko distantzia osatu zuten Mapiletik (Aginaga) irtenda Orioko zubi ingururaino, eta senior emakumezkoek eta gainerako kategoriek, berriz, 4.000 metroko distantzia, Saikolatik abiatuta. Minutu bateko tartearekin atera ziren ontzi guztiak.

Hemen ikus daitezke sailkapen guztiak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide