Alba Lozano zinemagilea (Barakaldo, 1996) Zumaian izango da udaberrian bere film berria filmatzen. Udalbiltzak sustatutako Geuretik Sortuak programaren barruan kokatzen da ekintza. Egitasmo horrek literatura, antzerkia eta zinema euskaraz garatzea du helburu, eta horretarako egonaldiak egiten dituzte parte hartzen duten herrietan. Zumaiak hirugarrengoz hartuko du parte. Euskal Herriko beste 45 udalerrik ere erakutsi dute deialdiko parte izateko borondatea.
Lozano Zumaian izan zen pasa den asteburuan programaren barruko lehen egonaldia egiten, eta udaberrian itzuliko da bera buru izango duen taldearekin. Gidoilaria eta zuzendaria da bizkaitarra eta bere film laburren artean, Plunge (2018), Non Grata (2022) eta Utländsk (2024) daude. Azken hura Kimuak katalogorako hautatu dute eta hainbat sari ere irabazi ditu.
Laburmetraieko protagonista emakume gazte bat izango da, eta zinema munduan emandako lehen pausoetako bizipenak izango ditu ardatz. Ilusioa zein nahigabea soinean, lan munduan bizitako genero-jazarpena eta botere-harremanen eragina erakutsiko ditu film laburrak. Inge Ugarte eta Arnatz Puertas aktoreek egingo dituzte protagonista lanak, eta haien ondoan ariko dira eskualdeko bi aktore ere, hala nola, Amancay Gaztañaga zestoarra eta Sambou Diaby oikiarra.