Eneko Carretero txapeldun, Klimb Zarautz Masters txapelketan

Intza Trula 2025ko ots. 18a, 11:00

Klimb Zarautz Masters txapelketako irabazleak podiumean igota, larunbatean. (Klimb Zarautz)

Maila goreneko eskalatzaileek jokatu zuten kirol proba, larunbatean, Zarauzko Klimb rokodromoan. Blokeak prestatu zituena ere punta-puntako erreferentea izan zen: Jacky Godofee eskalatzaile frantziarra, hain zuzen ere. Bertan, nagusi izan zen Eneko Carretero eskalatzaile zumaiarra.

Eskaladaren munduko kirolaririk entzutetsuenak elkartu ziren larunbatean Zarauzko Klimb rokodromoan. Antolatzaileek aurreratu zuten moduan, Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako eskalatzailerik onenek parte hartu zuten Klimb Zarautz Masters txapelketan, Jacky Godofee eskalatzaile frantsesak prestatutako ezohiko blokeetan. Eneko Carretero zumaiarra eta Gelia Macia katalana gailendu ziren guztien artean.

Orotara, 73 eskalatzaile lehiatu ziren, hiru kategoriatan banatuta. Zailtasun ezberdineko 25 bloke egin behar izan zituzten, eta konplexuenak osatu zituztenek eskuratu zuten final handirako txartela; sei neskak eta sei mutilek jokatu zuten azken proba.

Goi mailako erakustaldia erakutsi zuten Guillermo Peinadok eta Eneko Carretero zumaiarrakk finalean. Lehia estua zein parekatua jokatu zuten, eta, azkenean, berdinketarekin amaitu zuten azken proba. Hori horrela, epaileek erabaki zuten sailkapen faseko azken emaitzarik onena zuenari ematea txapela: Carreterori, alegia. Hirugarren postua, berriz, Money Titouan frantziarrak lortu zuen.

Neskei dagokienez, bigarren eta hirugarren postuak Julia Benach katalanarentzat eta Udane Mujika elduaindarrarentzat (Gipuzkoa) izan ziren, hurrenez hurren.

Sailkapenak

Mutilak:

  1. Eneko Carretero.
  2. Guillermo Peinado.
  3. Money Titouane.
  4. Baptiste Escalle.
  5. Mikel Linazisoro.
  6. Lluc Maçia.

Neskak:

  1. Geila Maçia.
  2. Julia Benach.
  3. Udane Mujika.
  4. Maria Paredes.
  5. Paula Traverso.
  6. Martina Muñiz.

Klimb Zarautz Masters txapelketaren ondoren, martxoaren 8an Klimb Zarautz Open proba irekia jokatuko dute Klimb rokodromoan. Maila apalagoa duten eskalatzaileei zuzendutako sariketa izango da, eta helburua da eskaladan dabiltzanak elkartzea eta kirol hori probatzeko interesa dutenek horretarako aukera izatea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide