Aita Santu berriaren aukeraketa prozesuaz hitz egiten duen Conclave filma emango du gaur Ostarrena zine klubak zine forum saioan. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrerak Aita Mari aretoko leihatilan egongo dira salgai, 5 euroan.
Conclave filmak oso gertutik jarraitzen dio munduko erritual sekretu eta zaharrenetako bati: Aita Santuaren hautaketari, hain zuzen. Aita Santuaren ustekabeko heriotzaren ondoren, Lawrence kardinala izendatu dute konklabea zuzentzeko. Eliza Katolikoko buruzagi boteretsuenak Vatikanoko aretoetan elkartzen direnean, Lawrence konspirazio korapilatsu batean harrapatuta geratu eta Elizaren oinarriak astindu ditzakeen sekretu bat deskubrituko du.
Edward Berger zinemagile alemaniarrak zuzendutako lana, Ralph Fiennes, Stanley Tucci, John Lithgow eta Isabella Rossellini ditu aktore lanetan. Filma iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, Sail Ofizialean. Ordutik sari ugari jaso ditu –azkena Bretainia Handian ematen dituzten Bafta sariak–, eta zortzi Oscar saritarako hautagaia da.