Jai Alai ligak Atlantikoa zeharkatu du. Gaur hasi eta larunbatera bitartean Biscayne Cup izeneko zesta punta txapelketa jokatuko dute Danian (Florida, Estatu Batuak). Zortzi puntista arituko dira lehian, eta horien artean izango da Imanol Lopez atzelari zumaiarra.
Lopezek ondo ezagutzen du Daniako frontoia. Duela hogei urte, Estatu Batuetara joan zenean, frontoi horretan aritu zen, Miamira joan aurretik. Bere ibilbide luzeko hastapenetara joatea bezala izango da beretzako.
Johanekin osatuko du bikotea txapelketa honetan. Gaur bertan jokatuko dute txapelketako bi finalerdietatik lehena, eta Urreisti eta Gorka izango dituzte aurkari. Partida irabazten badute, larunbatean izango dute finala, Barandika-Lekerika eta Erkiaga-Manci bikoteek jokatuko duten bigarren finalerdiko irabazlearen aurka.