Negu gorrian egindako entrenamendu saioen emaitza ikusteko aukera izango da datorren asteburuan. Izan ere, Gipuzkoako neguko piraguismo txapelketa jokatuko dute etzi, igandean, Zumaian. Denboraldiko lehen proba garrantzitsua izango da lurraldeko piraguistentzako.
Proba goizez egingo da, 11:30etik aurrera. Irteera eta helmuga Moilaberriko zubi parean kokatuko dute. Behin handik aterata, itsadarrean gora egingo dute Bedua inguruan jarriko duten buiari buelta eman, eta hirigunera itzultzeko. Guztira, 5.000 metroko distantzia egingo dute kirolariek.
Gipuzkoako txapelketa izanda ere, ohikoa den bezala, beste lurraldetako kirolariak ere bertaratuko dira igandean Zumaiara. Hutsik egingo ez dutenak Itxas Gain kirol elkarteko kideak izango dira. Etxean onena eman nahiko dute Zumaiako piraguistek. Guztira, 142 lagunek eman dute izena txapelketan parte hartzeko, eta horietatik 28 Itxas Gainekoak izango dira.