Beste urte batez, bueltan da Larraina euskara elkarteak eta Zumaiako Udalak antolatutako Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa. Datorren astean izango da lehen solasaldia, otsailaren 26an, eta apirilaren 9ra bitarte, askotariko arloak landuko dituzte, euskara ardatz hartuta. Hain justu, bi mahai inguru, aurkezpen bat eta zine emanaldia izango dira egitasmoaren barruan.
Osasungintza izango dute hizketagai lehen saioan. Ruth Salaberria eta Felix Zubia izango dira hizlariak, eta paziente euskaldunen eskubideez edo aukerez arituko dira. Bigarrenean, euskal hedabideak eta itzulpengintza automatikoa izango dituzte hizpide Berria egunkariko Irene Arraratsaek, Goiena Komunikazio Taldeko Iban Arantzabalek eta Urolako Komunikazio Taldeko Gorka Zabaletak.
Datozen hamar urteetan euskarak Zumaian dituen erronketan jarriko dute arreta hirugarrengo solasaldian: 2034ra bitarteko Aroa plan estrategikoaren barruan azterturikoaren emaitzak aurkeztuko dituzte, hain zuzen, Ahize-AEKko Ainhoa Bagliettok eta Araitz Muguruzak. Eta, amaitzeko, Laburbira Euskarazko Film Laburren XXII. zirkuituarekin eta solasaldiarekin borobilduko dute aurtengo hitzaldi zikloa.
Zortzi film
Zortzi film ikusi ahal izango dira, guztiak ere egungo euskal zinemagintzaren lagin apartak eta Europako zinema jaialdietan ibilbide arrakastatsua egindakoak: Prosopagnosia (Ekain Martinez de Lizardui), Plazer Bat (Sonia Estevez), Betiko Gaua (Eneko Sagardoi), Europa (Ekain Irigoien), Pentsatzen dut (Alaia Martin, Karmele Mitxelena eta Iraitz Mateo), Hor Konpon (Jone Arriola), Goodbay Kepler (Nerea Ayala) eta Utlandsk (Alba Lozano). Filmak ikusi ondoren, solasaldia izango da zuzendarietako batekin.