Kbiren preferente mailako taldeak beste garaipen bat erdietsi du

Juan Luis Romatet 2025ko ots. 24a, 09:00

Xabier Aranzabal, azken jardunaldiko partidako une batean. (Juan Luis Romatet)

Zarautz A taldearen aurka jokatu zuen herenegun Zumaian, eta 3 eta 1 emaitzarekin gailendu ziren zumaiarrak. Ligako bere multzoan lider jarraitzen du.

Gipuzkoako xake ligako zazpigarren jardunaldia jokatu zuten pasa den asteburuan, eta Zumaiako Kbi xake klubeko taldeek denetariko emaitzak lortu zituzten. 

Emaitza onena preferente mailako A taldeak izan zuen, Zarautz A taldeari 3 eta 1 emaitzarekin irabazi baitzion larunbat arratsaldean Hogarrean jokatutako partidetan. Oier Sarasketak, Erik Juezek, Xabier Aranzabalek eta Fermin Laurobak ordezkatu zuten Zumaiako kluba jardunaldi horretan. Emaitza horiei esker, bere multzoko lider jarraitzen du Kbi A taldeak sailkapenean, 15 punturekin; Gros E taldea da bigarren, puntu bakarrera.

Kbiren B taldeak bina berdindu zuen bigarren mailako jardunaldian, etxetik kanpo, Bergara A taldearen aurka. Oscar Aizpuruak, Miguel Angel Aguadok, Oier Urbietak eta Andoni Harys Palawok jokatu zuten Kbi B-rekin jardunaldi horretan. Sailkapenean seigarren dira zumaiarrak.

Hirugarren mailako taldeak, berriz, Kbi C-k, ez zuen aukerarik izan lider den Goierri Xakeren aurka, eta 0 eta 4 emaitzarekin galdu zuen. Aitor Sarasketak, Endika Ruizek, Alaitz Irigoienek eta Xabat Esteibarrek jokatu dute pasa den jardunaldian. Sailkapenean bederatzigarren da taldea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide