Iaz hirugarren saria jaso zuen Jon Joseba Aizpuruak (Zumaia, 1967) Azkoitiko Bizenta Mogel ipuin lehiaketan, eta aurten, sari nagusia eskuratu du idazleak.
Nola jaso duzu Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren aurreneko saria?
Oso pozik. Iaz hirugarren postuan geratu nintzen sariketa honetan, eta aurten lehenengoan geratzea oso pozgarria da.
Espero al zenuen aurten lehiaketa irabaztea?
Ez. Sorpresa handia izan zen. Gainera, aurten joan zen urtean baino beranduago abisatu ziguten irabazleak zeintzuk ginen, eta ni neu jada ahaztuta nengoen. Ez nuen espero, sorpresa handia izan zen; bikoitza, egia esan.
Urtero parte hartzen al duzu Azkoitiko ipuin lehiaketan?
Aspaldian ez nintzen ausartu Bizenta Mogel lehiaketan parte hartzera. Iaz, esaterako, Durangoko Julene Azpeitia lehiaketan parte hartu nuen, 18 urtetik gorakoen olerkien arloan, eta han ere sari bat jaso nuen; azken urtea, beraz, oso sasoi oparoa izan da niretzat. Horrez gain, Zumaiako Julene Azpeitia lehiaketan ere ahal dudanean parte hartzen dut, baita Ermuan ere. Azken horretan, normalean, olerkiak idazten ditut.
Bizenta Mogel lehiaketa Tai-Sabaki izeneko lanari esker irabazi duzu. Zer da Tai-Sabaki, zer kontatzen du ipuinak?
Japonieratik datorren hitz konposatua da tai-sabaki; arte martzialetan erabiltzen den kontzeptua da. Tai hitzak gorputza esan nahi du, eta sabaki hitzak, mugimendua. Beraz, tai-sabaki gorputzaren mugimendu azkar bat da, eraso bat saihesteko erabiltzen dena. Erasoa saihesteaz gain, erasotzaileari desoreka eragiten dio, eta ezusteko bat ere eragiten dio, erasotzaileak ez duelako espero izaten mugimendu hori. Beraz, hori egiten duenak egoera oker bat bere aldera jartzea lortzen du borroka batean.
Idatzi dudan ipuina psikoanalista baten bulegoan kokatzen da, eta umore beltz pixka batekin kontatzen dut istorioa. Psikoanalista paziente zail bat ari da artatzen, eta hark urtebete darama tratamenduan. Aurrerapausorik ez dagoenez, psikoanalistari bururatzen zaio metodo hori erabiltzea: bizitza errealeko arazoei aurre egiteko, tai-sabaki metodo berritzaile eta iraultzaile bat egitea proposatzen dio, eta arazoei itsumustuan aurre egin beharrean, albo batera egin, arazoa patxadaz begiratu eta irtenbide egokia nola topa dezakeen azaltzen dio. Jarraibide horiek ematen dizkio pazienteari, eta ondoren gertatzen dena ez da esperotakoa.
Ba al dakizu epaimahaiak zer baloratu duen zure ipuinean?
Nire ustez, psikoanalistaren eta pazientearen artean dauden elkarrizketak izan dira epaimahaiak aintzat hartu dituena, baita kontakizunak dituen ezusteko birak ere, irakurleak ez baitu espero istorioa horrela amaituko denik. Izan ere, hasieran solasaldi arrunt bat dirudien elkarrizketari tentsioa areagotzen joaten zaio, eta amaiera sorpresa bat dela esango nuke.
Hainbat ipuin eta olerki lehiaketatan parte hartzen duzula esan duzu. Zer eskaintzen die halako egitasmoek zu bezalako idazleei?
Idazteak ahalegin bat eskatzen du, baina sari bat jasotzen duzunean jabetzen zara saiakera horrek merezi izan duela; euskararen alde lan egiteak merezi duela. Gure aurrekoek egin zuten lana errekonozitzen jarraitzeko aproposak dira lehiaketak, baita, ahal den neurrian, euskara aberasteko eta babesteko ere.