Lasterketaren ezaugarria abiadura izan zen; oso azkar ibili ziren ziklistak, 114 kilometroak (Meaga bi aldiz bukaeran) bi ordu eta erdian osatu zituzten; batez besteko abiadura 47 kilometro ordukoa izan zen. Abiadura horretan ez zen ihesaldirik antolatu, ahalegin guztiak kontrolatu zituen pelotoiak eta esprintean erabaki zen; iaz bigarren sailkatutako Diego Ruiz de Arkaute aurten garaile izan da. Lehen pelotoi horretan ailegatu ziren bi zumaiarrak, Aitor Agirre 16. sailkatu zen eta Mattin Salegi 61.
Asteburu honentan Ereñon izango dute lasterketa, denboraldiko lasterketarik gogorrenetakoa da Ereñokoa.
Neskei dagokienez, Maite Urteagak eta Garazi Bergarak Errenterian estreinatu dute denboraldia. Paula Ostiz juniorrak irabazitako lasterketan, pelotoi nagusian, minutu eta erdira ailegatu zen Maite Urteaga; Eulen JiraBirakoa 19. sailkatu zen eta Zatikako Garazi Bergara 31., bi minutura. Espainiako Kopako lasterketa dute Nojan asteburu honetan.
Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeetako junior eta kadeteek asteburu honetan hasiko dute denboraldia. Kadeteek Beasainen dute lasterketa eta juniorrek Eibarren. Juniorren lasterketa Eibartik abiatu eta Zumaiara gerturatuko da, zakila bira osatu, eta berriz ere Eibarrera joan eta bertan amaitzeko.
Harrobia, Zarautzen
Zumaiako Txirrindulari Elkarteko harrobiak Zarautzen izan zuen elkargunea aurreko larunbatean. Benjamin, kimu eta infantiletan oso lasterketa ikusgarriak osatu zituzten Zumaiako ordezkariek. Beñat Iraola, Aratz Aranburu, Aiert Olkoz, Julen Erkiaga eta Amets Agirre benjamin mailan dominak lortuta itzuli ziren etxera pozik; alebinetan, Mikel Otañok eta Galder Zumetak lasterketan agindu zuten, Mikel Otañok egindako lanak garaipenarekin errematatuz; Galder Zumetak laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, azken zuzengunea luzeegi egin baitzitzaion. Mairi Lejarretak bikain erantzun zion; lasterketaren erritmoari eutsi zion eta bigrren postuarekin errematatu bukaeran.
Infantiletan, Julen Alkortak bere bizitzako lehen lasterketa zuen, bikain defendatuz pelotoian eta aurpegia ere emanez azken itzulietan; Raul Flasheyk besotik igeltsoa kendutako lehen astea zuen, eta hilabete eta erdi bizikleta ukitu gabe egon ondoren, maila polita eman zuen, lasterketa abiadura bizian jokatu baitzen. Amaia Agirre bigarren sailkatu zen nesketan, irabaztetik oso gertu. Inge Zumeta, bikain pelotoian (mutilekin batera korritzen dute eta oso zaila da kontrolatzea beste neskak non doazen, denak nahasian), pelotoi erditik aurrera aise bukatu zuen) eta Amalia Agirrek egindakoa ikaragarria: erorikoa izan zuen, kolpe latza hartu eta hala ere lasterketan jarraitzea erabaki zuen, pelotoitik atzeratu zen eta amaitutakoan ohartu, atzeko gurpila erabat frenatuta eraman zuela, hala ere lasterketa bukatu zuen.
Aste honetan jai dute gaztetxoek, datorren astean Hernanin lasterketa.