Aurrerapauso garrantzitsua emango du emakumezkoen zesta puntak. Duela bi urte hasi ziren emakumeen partidak programatzen Euskal Herriko frontoietan, eta aurten, lehendabizikoz, emakumeen Jai Alai liga ere jokoan izango dute. Hala iragarri zuten atzo Durangon egin zuten agerraldian.
Hamar txapelketaz osatuko da emakumeen liga, eta Hegoaldeko zein Iparraldeko frontoietan jokatuko dituzte. Liga osatuko duten bi sari dagoeneko jokatu dituzte, iazko abenduan, Berriatuan eta Durangon. Ligarako puntuagarria izango den txapelketetako bat Zumaian apirilaren 7tik 21era bitartean jokatuko duten Master Seriesa izango da.
Ligako hurrengo hitzorduak Gasteizen martxoaren 7tik 21era jokatuko duten Araba Euskaraz Masters Series, eta hilaren 10etik 24ra bitartean Durangoko Ezkurdi jokatuko duten Winter Series izango da. Lau bikote arituko dira azken horretan, eta horien artean izango da Frida Watkins puntista zumaiarra. Ihart Arakistain sopelarrarekin osatuko du bikotea txapelketa garrantzitsu honetan.
Emakumeen txapelketa bi finalerdiz eta finalaz osatuko da. Frida Watkins bigarren finalerdian arituko da, martxoaren 17an, eta Elaia Gojenola eta Oaia Otaño itzango ditu aurkari. Partida guztiak ETB1ek emango ditu, aurrez grabatuta.