Asteazkenean jarriko dituzte salgai 'Elara' haur antzerkirako sarrerak

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 1a, 14:30

'Elara' antzezlaneko argazkia. (Mar mar teatroa)

Mar mar teatro antzerki konpainiaren antzezlana martxoaren 16an izango da ikusgai Aita Mari aretoan, eguerdiko 12:00etan. 

Haurrentzako antzerki saioa programatu du Udaleko Kultura Sailak martxoaren 16rako. Igande horretan, eguerdiko 12:00etan, Mar mar teatro antzerki konpainiaren Elara antzezlana taularatuko dute Aita Mari zinema aretoan. Emanaldi horretarako sarrerak datorren asteazkenean, martxoaren 5ean jarriko dituzte salgai, goizeko 10:00etatik aurrera, Turismo Bulegoan eta sarrerakzumaia.eus webgunean. Prezioa 4,25 euro izango da.

Sinopsia

Maite den norbaiten galerarekiko doluak berdin eragiten die helduei zein haurrei, baina azken horien barneratzeko modua desberdina izan daiteke. Zereginean laguntzeko asmoz sortu zen haurrentzako antzezlana dugu hau. Elara protagonistak ezagutzen duen norbait izar-hauts bihurtzen ikusi eta bere bila espaziora joatea erabaki du. Galaxiatik galaxiara eta planetatik planetara bidaiatuko du bizitzaren zentzua ulertzen saiatuz, bere dolua igarotzen duen bitartean.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide