Nolako herria: elkarrizketak 2025

“Moda izan liteke arropa kontsumo handira eramaten gaituen arrazoietako bat”

Ander Mujika 2025ko urt. 28a, 08:47

Edurne Egaña zumaiarrari egin diogu arroparen kontsumoari buruzko elkarrizketa. Hona hemen esan diguna.

Ariketa bat proposatzen dizut: zenbatu ditzagun, adibidez, zenbat kamiseta edo galtza dauzkazun (era guztietakoak), eta ondoren zenbatu horietatik zenbat ez dituzun jantzi azken sei hilabeteetan. Zer ondorio atera duzu? Daukagun arropa guztia behar dugu edo gehiegi daukagu?

Gehiegi daukagula ondorioztatuko nuke, erabiltzen ez dugun arropa dezente daukagula, behar duguna baino gehiago.

Iruditzen zaizu zeuk 14-15 urte zenituenean hainbeste arropa izaten zenutela?

Ez egia da arropa askoz gutxiago genuela, baina kontuan hartu behar da gaur egun ditudan beharrak eta garai horretan nituenak ez direla berdinak, orain behar handiagoa dut.

Zergatik erosten dugu arropa, beharragatik edo modari jarraitzeagatik?

Bi arrazoiengatik; batzuetan, beharra erlatiboa izan daiteke, eta modagatik erabilgarria den zerbait beste batengatik aldatzen dugula beharrik izan gabe, eta moda izan liteke arropa kontsumo handira eramaten gaituen arrazoietako bat.

Uste duzu arroparen gehiegizko kontsumoa arazo bat dela ingurumenaren ikuspegitik?

Bai gehiegizko kontsumo guztiak bezala, arazo bat da, arropa egiteko erabiltzen diren produktuak eta sistemak ingurumen aldetik ez direlako onuragarriak.

Zuek etxean hartu duzue neurririk hainbeste arropa berri ez erosteko? Adibidez, bigarren eskukoak erosiz edo arropa berria soilik beharrezkoa denean erosiz?

Uste dut baietz, orain dela urte batzuk arropa gehiago erosten nuela. Uste dut arropa gehiago erosteko joera nuela eta marka merkeagoak erostekoa. Nire ustez, horiek dira benetan kaltegarriak, merkeak direlakoan asko erostera eramaten zaituzten markak. Orain arropa hobea erosten saiatzen naiz eta beharra dudanean soilik erosten; alde horretatik, aldaketa bat sumatu dut.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide