Kolorez eta irudimenez jantzi dira herriko txokoak

Maria Maya Manterola 2025ko mar. 1a, 16:00

Zumai txarangaren erritmora eman diote hasiera mozorro festari batzuk; Astinduren kalejirarekin bat eginez besteek. Arratsaldean jarraituko dute inauteriekin lotutako ekitaldiek.

Irudimenak eta koloreek hartu dute gaurkoan kalea. Eguraldia lagun, gogotik atera dira zumaiarrak kalera, eta askotariko mozorroak ikusi ahal izan dira eguerdi partean.

Astindu dantza taldekoek ere mozorro festa baliatu dute kalejira egiteko. Eusebio Gurrutxagatik hasi eta, kalez kale, geldialdiak egin dituzte, Grease filmekoen pare dantza egiteko, ileordeak, gonak eta trajeak soinean zituztela.

Zumai txarangak, berriz, inauterietarako propio prestaturiko emanaldia eskaini du herriko kaleetan zehar, Martxoaren 8 plazatik hasita. Zenbait herritar batu zaizkie bai txarangan instrumenturen bat jotzera, baita kalejiran beren doinuekin abestu eta dantzatzera ere. 

Arratsaldean ere izango dira inauteriekin loturiko ekitaldiak: mozorro lehiaketez gain, bigarren emanaldi bat eskainiko du Zumai txarangak, eta diskoteka izango da Kofradian 22:00etatik aurrera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!