Urriaren 5ean korrituko da aurtengo Flysch Trail mendi lasterketa

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 3a, 08:00

Iazko Flysch Traileko korrikalariak Algorritik gora. (Guka)

Aurreko urteetan bezala, bi distantziaren artean aukeratu ahal izango da: 24 kilometroko proba luzea eta 14 kilometroko laburraren artean, hain zuzen. Izena emateko epea maiatzaren 17an, larunbata, zabalduko dute. 

Urriaren 5a. Data horretan korrituko da aurtengo Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. Kirol jarduera honen aurreko bi edizioetan gertatu bezala, Zumaiako Udalak hartuko du bere gain probaren antolakuntza, herriko korrikalari, boluntario eta beste hainbat eragilerekin batera. 

Aurreko urteetan bezala, bi distantzien artean aukeratu ahal izango dute korrikalariek: 24 kilometroko distantzia luzea, eta 14 kilometroko laburra. Bietarako izena emateko epea maiatzaren 17an irekiko dute, larunbatez, goizeko, 10:00etan. 650 korrikalarirentzako lekua izango da: 400 proba luzean, eta 250 motzean.

Mendi lasterketak behar bezala prestatzeko, entrenamenduak antolatuko ditu aurten ere Inda Mendi elkarteko Korrikako taldeak, eta aurrenekoa ekainaren 15an izango da. Ohi bezala, hainbat dortsal zozkatuko dira entrenamenduetan parte hartzen duten emakumeen artean, baina aurten berrikuntza bat izango da, zozketako irabazleek izena eman eta ordaindu egin beharko dutela lasterketan aritzeko, alegia. Zozketa azken-aurreko entrenamenduaren ondoren egingo da. Bosgarren saioa izango da hori, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da bostetik hiru saiotan, gutxienez, parte hartzea.

Berdintasunaren aldeko apostuak fruitiak eman dituela azpimarratu dute antolatzaileek. Izan ere, iaz duela bi urte baino emakume gehiago aritu ziren lasterketan. Gero eta gertuago dago benetako berdintasun parekidea lortzea kopuruetan.

Beste pare bat berrikuntza ere badira, eta biak ingurumenaren babesarekin lotutakoak izango dira: batetik, edalontzirik ez da emango anoaguneetan, eta horregatik ere, korrikalariei eskatuko zaie korrikarako edalontzi bereziak ekartzeko, behin eta berriz erabili daitezkeen horietakoak.

Beste hirurak ondorengo hauek dira: korrikalaria da protagonista, eta erdigunean haien jarduna jartzen da; kirola egitea sustatu nahi da; eta azkenik, sarietan eta zozketetan, herriko ekoizle eta merkatariak bidelagun izatea lehenesten da.

Boluntarioei deia

Lasterketa hau aurrera eramateko boluntarioen laguntza ezinbestekotzat jotzen dute antolatzaileek. Asko behar izaten dira urtero, eta herritarren erantzuna txalogarria izaten ari da aurreneko ediziotik. Aurten ere beharko dira boluntarioak, eta parte hartu dutenei deia egiten zaie laguntzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide