Nolako herria: elkarrizketak 2025

"Ez dut zenbatu, arropa asko daukat behar bada behar dudana baino gehiago"

Asier Oliva 2025ko ots. 3a, 10:17

Elkarrizketa honetan, Araika Gutierrezek arropa kontsumoaren inguruan daukan iritzia jaso dugu. Bertan esaten digu bere arropa kontsumoa egokia dela eta ingurumenaren ikuspegitik neurriak hartu behar direla.

Ariketa bat proposatzen dizut: zenbatu ditzagun, adibidez, zenbat kamiseta edo galtza dauzkazun (era guztietakoak), eta ondoren zenbatu horietatik zenbat ez dituzun jantzi azken sei hilabeteetan. Zer ondorio atera duzu? Daukagun arropa guztia behar dugu edo gehiegi daukagu?
Ez ditut zenbatu, arropa asko daukat, behar bada, behar dudana baino gehiago, baina nahiko gustura nago daukadan arroparekin. Normalean, daukadana janzten dut eta noizean behin behar ez dudana botatzen dut. Hala ere, bai, behar bada, zure galderari erantzunez, behar dudana baino gehiago daukat.

Iruditzen zaizu zeuk 14-15 urte zenituenean hainbeste arropa izaten zenutela?
Ez, nik 14-15 urte nituenean askoz arropa gutxiago neukan; hala ere, ez zait iruditzen nire semeek gehiegizko arropa dutenik, eta ez dute eskatzen ezta ere, beraz, alde horretatik pozik beraien jarrerarekin arroparekiko.

Zure ustez zergatik erosten dugu arropa, beharragatik edo modari jarraitzeagatik?
Nire semeen kasuan, beharrarengatik ze txikiak geratzen zaie eta normalean beharraren arabera erosten dugu; nire kasuan, behar bada, modagatik erosten dut gehienetan, behar-beharra ez daukat. Ahalko nuke daukadan arroparekin urte askotan bizi.

Uste duzu arroparen gehiegizko kontsumoa arazo bat dela ingurumenaren ikuspegitik?
Guztiz bai, arazo larria da eta egia da horren kontzientzia izatea garrantzitsua dela eta datorren belaunaldiak ere jabetu beharko direla eta neurriak hartu beharko direla.

Zuek etxean hartu duzue neurririk hainbeste arropa berri ez erosteko? Adibidez, bigarren eskukoak erosiz edo arropa berrea soilik beharrezkoa denean erosiz?
Nire semeek behar dutenean bakarrik erosten dute, zaharrenari noski erosten zaio behar duenean baina besteek bere anaien arropa berrerabiltzen dute eta txikia gelditzen zaienean eman egiten dugu beste pertsona batzuek berrerabili dezaten. Beraz, neurriak hartzen ditugu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide