Ariketa bat proposatzen dizut: zenbatu ditzagun, adibidez, zenbat kamiseta edo galtza dauzkazun (era guztietakoak), eta ondoren zenbatu horietatik zenbat ez dituzun jantzi azken sei hilabeteetan. Zer ondorio atera duzu? Daukagun arropa guztia behar dugu edo gehiegi daukagu?
Nik 90 kamiseta eta alkandora inguru ditut eta ez ditut 40 kamiseta erabili azken hilabete hauetan. Gehiegi dugula iruditzen zait, beti behar duguna baino gehiago erosten dugulako.
Iruditzen zaizu zeuk 14-15 urte zenituenean hainbeste arropa izaten zenutela?
Inondik inora, gure garaian bost bat kamiseta izaten genituen astean zehar erabiltzeko, kirolekoak barne, eta beste pare bat asteburuetarako, gehiago ez. Ez genuen behar handirik sentitzen erosteagatik, ez zegoen gehiago eta ondo genekien.
Zergatik erosten dugu arropa, beharragatik edo modari jarraitzeagatik?
Ez dakit modari jarraitzeagatik den edo gizarte kontsumista batean gaudelako eta beharra izan gabe, moda jarraitu edo ez, erosteko nahia izaten dugulako.
Uste duzu arroparen gehiegizko kontsumoa arazo bat dela ingurumenaren ikuspegitik?
Bai, dudarik gabe. Azkenean arropa pilatzen joaten garenean zaborra ere modu batean pilatzen dugu eta nahiz eta orain arropari bigarren irteera bat ematen zaion edo eta birziklatu eta bigarren eskukoak izateko aukera dagoen, hala ere, gehiegi da.
Zuek etxean hartu duzue neurririk hainbeste arropa berri ez erosteko? Adibidez, bigarren eskukoak erosiz edo arropa berria soilik beharrezkoa denean erosiz?
Ez, saiatzen gara beti beharrezkoa denean bakarrik erosten baina zaila da bereiztea noiz erosten duzun arropa beharragatik edo gogoagatik.