Nolako herria: elkarrizketak 2025

"Jende askok arropa moda jarraitzeagatik erosten du"

Aitor Sarasketa 2025ko ots. 3a, 11:50

Elkarrizketa honetan Aitor Sarasketa zumaiarrari arroparen kontsumoari buruz galdetu diogu.

Proposamen bat egingo dizut: kontatu ea zenbat kamiseta eta galtza dituzun, edozein motatakoak. Ondoren, kontatu arropa horretatik zenbat ez duzun erabili azken sei hilabetetan. Hori jakinda, zein ondorio atera dezakegula iruditzen zaizu?
Egia esan, ez dut arropa kontatu, baina badut erabiltzen ez dudan arropa, baina ez da asko erosten dudalako, arropa botatzea kostatzen zaidalako baizik. Arropa urtean oso gutxitan erosten dut.

Iruditzen zaizu zuk 14-15 zenituenean hainbeste arropa zenuela?
Ez. Orduan arropa gutxiago genuen. Arropa asko anai-arrebetatik pasatakoa zen, genuen dirua eta arropa erosteko aukerak txikiagoak baitziren.

Arropa zergatik erosten duzu zuk? Beharragatik edo moda jarraitzeagatik? Eta jende gehienak zergatik uste duzu erosten duela?
Nik beharragatik erosten dut. Besteen aldetik denetarik egongo da, baina jende askok moda jarraitzeagatik erosten du arropa.

Uste duzu arroparen gehiegizko kontsumoa ingurumenaren ikuspegitik arazo bat dela?
Bai, izan daiteke. Arropa bat sortzeko eta egiteko, baliabide eta ur asko gastatzen dira. Arropa gutxiago sortu eta kontsumituko bagenu, baliabide gutxiago kontsumituko lirateke, eta, beraz, gutxiago kutsatuko genuke.

Etxean hartu duzu neurriren bat hainbeste arropa ez erosteko?
Ez dugu neurririk hartu, baina gure etxean arropa oso gutxitan erosten da. Beraz, ez dut uste beharrezkoa denik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide