Nolako herria: elkarrizketak 2025

"Beherapenak iristean zoroak bezala joaten gara erostera"

Uxoa Aramberri 2025ko ots. 3a, 12:02

Iratxe Agirreri egin diogu elkarrizketa moda eta arroparen kontsumoaren inguruan.

Ariketa bat proposatzen dizut: zenbatu ditzagun, adibidez, zenbat kamiseta edo galtza dauzkazun (era guztietakoak), eta ondoren zenbatu horietatik zenbat ez dituzun jantzi azken sei hilabeteetan. Zer ondorio atera duzu? Daukagun arropa guztia behar dugu edo gehiegi daukagu?
Uste dut arropa gehiegi daukagula armairuan, argi daukat hori. Azkenean, nik ofizina batean egiten dut lan eta egia da, arropa dexente aldatzen dut; baina hala ere, armairua beteta dut eta daukadan arropetatik %50 bakarrik erabiltzen dut.

Iruditzen zaizu zeuk 14-15 urte zenituenean hainbeste arropa izaten zenutela?
Ez, hori beti esaten diet nire bi alabei. Gainera, nik anaia zaharrago bat daukat eta orduan arropa asko oinordetzan jasotakoak izaten ziren. Horrez gain, bi txandal izaten genituen, bat garbitzen zegoen bitartean beste erabiltzeko.

Zergatik erosten dugu arropa, beharragatik edo modari jarraitzeagatik?
Beharragatik ez, behintzat. Askotan modagatik edo gustatzen zaigulako gauza berriak erostea beharrik gabe, baina beharragatik behintzat ez.

Uste duzu arroparen gehiegizko kontsumoa arazo bat dela ingurumenaren ikuspegitik?
Nik uste dut izan daitekeela arazo bat eta denok ditugu armairuak beteta. Baina hala ere, beherapenak iristen direnean zoroak bezala joaten gara erostera beharrik gabe.  Beharra dugunean bakarrik erosi beharko genuke; bakero batzuk puskatu edo gastatzean, orduan berriak erosi. Ez bost bakero, gaur modan dagoelako gauza bat eta bihar beste bat.

Zuek etxean hartu duzue neurririk hainbeste arropa berri ez erosteko? Adibidez, bigarren eskukoak erosiz edo arropa berria soilik beharrezkoa denean erosiz?
Nire senarrak eta nik, hasteko, armairua ordenatu dugu eta ikusi dugu zer arropa daukagun, askotan ez dakigulako zer daukagun ere. Iruditzen zaigu erosi beharra dugula baina ez da horrela, armairuaren atzealdean daukagulako nahi dugun hori. Horregatik, lehenik eta behin armairua ordenatu dugu eta erabaki bat hartu dugu: behar dugunean bakarrik erostea. Nik ulertzen dut gazteen kasuan, pixka bat hori modaren araberakoa izatea. Baina gu saiatzen ari gara kontsumismo hori mozten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide