Datorren ostiralean, martxoaren 7an, jokatuko dituzte kluben arteko Euskal Herriko zesta punta txapelketako finalak Zumaian, Aitzuri frontoian. Klub antolatzailea, Zumaiako Kirol Elkartea, kadete mailako pilotariek ordezkatuko dute.
Pasa den asteburuan jokatu zituzten txapelketako finalerdiak. Zumaia hiru bikoterekin heldu zen finalen atariko partidetara: senior mailan bi bikote izan ziren lehian, eta kadetetan bat. Bada, azken hauek, Marlon Watkinsek eta Mikel Silvetik, lortu dute finaletara heltzea, Gernikari 30 eta 20 emaitzarekin irabazi eta gero. Senior mailako bi bikoteek galdu egin zituzten beraien partidak: ohorezko mailakoek 21-30 emaitzarekin Berriatuaren aurka, eta Euskal Ligako bikoteak 30-15 Cabanillasen aurka.
Finalak ostiralean
Aitzuri pilotalekuak hartuko ditu datorren ostiralean, hilaren 7an, Euskal Herriko txapelketako finalak. Hiru partida jokatuko di tuzte, 19:00etan hasita. Hasteko, kadete mailako partidan, Zumaia A Berriatuaren aurka arituko da. Nagusien mailan, Euskal Ligako finalean, Donibane Lohizuneko Luzean B klubak Cabanillas A izango du aurkari. Arratsari amaiera emango dion partidan, nagusietan, Ohorezko mailan, Markina eta Berriatua neurtuko dira.