Ariketa bat proposatzen dizut: zenbatu ditzagun, adibidez, zenbat kamiseta edo galtza dauzkazun (era guztietakoak), eta ondoren zenbatu horietatik zenbat ez dituzun jantzi azken sei hilabeteetan.
Egia esan mordoa dira, nik uste nituenak baino askoz ere gehiago, kamisetetan 40tik gora dira eta batez ere orain negu sasoikoak, beste horrenbeste udakoak. Praketan ere 20 praka inguru, gehi udakoak eta jertseetan hamar bat ditut.
Zer ondorio atera duzu? Daukagun arropa guztia behar dugu edo gehiegi daukagu?
Nik uste arropa gehiegi dudala. Arropa asko ere urteen poderioz biltzen egon da, hau da, arropa berria erosi zaharrak bota gabe. Baina normalean arropa gehiena ez da erabiltzen. Horrela, zenbakitan jarrita, nik uste gehiegi dela, askoz gutxiagorekin molda gaitezke. Bestalde nire alde egitearren, lanaren kontuarengatik arropa desberdina janzten dugu, kirola edo beste jarduerengatik ere arropa aldatzen dugu, sasoi batean modarengatik ere arropa berria erosten dugu beharrik gabe.
Iruditzen zaizu zeuk 14-15 urte zenituenean hainbeste arropa izaten zenutela?
Ez, normalean garai horretan soinketarako eta kiroletako txandala erabiltzen genuen, gehienez kanpoan ibiltzeko, mendian ibiltzeko txamarra bat eta sasoi horretan mendian ibiltzen hasi nintzen eta normalean txandal eta kamiseta pare batekin konpontzen nintzen denerako.
Zergatik erosten dugu arropa, beharragatik edo modari jarraitzeagatik?
Batez ere modarengatik eta gure buruari jartzen diogun beharrarengatik. Gainetik sartu diguten moda beharrarengatik.
Uste duzu arroparen gehiegizko kontsumoa arazo bat dela ingurumenaren ikuspegitik?
Bai, arropa munduak bolumen asko hartzen duelako eta guk botatzen ditugun arropen zati handia bat zabortegietara joaten delako. Berrerabiltzeko ziklo batean nik behintzat botatzen ditudanean horren esperoan nago beste norbaitek erabili ditzala.
Zuek etxean hartu duzue neurririk hainbeste arropa berri ez erosteko? Adibidez, bigarren eskukoak erosiz edo arropa berria soilik beharrezkoa denean erosiz?
Bai, saiatu egin naiz orain gutxiago erosten baina, egia esan, ditudan arropa kopuru handi horiek urteekin pilatutakoak dira. Ez da horrenbeste erosi dudanik baizik eta urteekin pilatuz joan naizela. Bigarren eskuko arropak erosi ditut, niri hirugarren eskukoak ere pasa dizkidate eta nik ere pasa ditut.